Politika -

Elkarrizketa

Basagoiti: 'San Mamesen faxista españolazo esaten didate'

PPren buruzagi ohiak adierazi duenez, alabek "fanatikoen jomugan" ez ikusteko eta "politikari profesionalaren bidea" ez hartzeko erabaki du Mexikora lanera joatea.

Antonio Basagoiti PPren EAEko buru ohia. Argazkia: EiTB
Antonio Basagoiti PPren EAEko buru ohia.
Basagoitik bere ibilbide politikoaren balantzea egin du, Radio Euskadin

1:39

Manu Gimenez/eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antonio Basagoiti PPren EAEko buru ohiak azaldu duenez, alabek "fanatikoen jomugan" ez ikusteko eta "politikari profesionalaren bidea" ez hartzeko erabaki du Mexikora lanera joatea.

Euskal politikari polemiko eta mediatikoak bizitza politikoaren balantzea egin du Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, eta aitortu duenez, batzuetan "probokatzeko" egin izan ditu adierazpen polemikoak; izan ere, "PPri espazio politikoa falta zaio, eta probokatzen ez banuen, kanpoan geratuko zen".

Politikan 18 urtez egon ostean, hasieran Bilboko Udaleko zinegotzi eta amaieran PPren buru, Basagoitik lan politikoa "ez profesionalizatzea" eta ibilbide etetea erabaki du.

Horregatik, eta bere alabek "fanatikoen irainen" lekuko izan ez daitezen, politika uztea erabaki du. Horren harira, aurreko asteko gertakari batzuk ekarri ditu gogora, Athletikek San Mamesen jokatu zuen azken partidan "faxista españolazo" esan baitzioten ikusle batzuek.

Mediatikoa

Basagoiti pertsonaia ezagun egin duten titularrak "etxean pentsatu ondoren" ematen zituela onartu ostean, helburua "probokatzea" zela azaldu du, PPri falta zitzaion "espazio politikoa" lortzeko.

Hala ere, hori ez omen da helburu bakarra izan, "argi" hitz egitea etaesaten zuena "ulertaraztea" ere bilatzen omen zuen, baina "arriskatzen denean, hanka sartzeko aukerak daude, Hommer Simpsonena esan nuenean adibidez".

Egoera politikoa

Politikari bilbotarrak ukatu egin du alderdia egoera bereziki txarrean utzi duela EAEko hauteskundeetako emaitzen ondoren, eta hori diotenek "perspektiba politikoa galdu" dutela uste du, zeren "azken hauteskundeak oso zailak ziren, Bilduren legalizazioarekin eta PPren Gobernua neurri zailak hartzen".

Era berean, politikariek duten fama txarragatik alde egitea erabaki duela ere ukatu du, zeren "politikari gehienak dira zintzoak".

Gainera, hasi zenean "garai oso gogorrak" zirela eta "hilean behin alderdikide bat hiltzen" zutela gogorarazi du, eta egun "kalera beldurrik izan gabe ateratzea aldaketa nabarmena" dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea