Politika -

Erasoa

Mikel Illarramendi preso ohia labankadaz hil dute Panaman

Illarramendik zazpi urteko espetxe zigorra bete zuen Frantzian "ETAren logistika aparatuko" kide izatea egotzita.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mikel Illarramendi Zabaleta larunbatean hil zen Panaman, labankada batek eragindako zaurien ondorioz, "Goiena"k jakitera eman duenez.

Illarramendi aske zegoen, 2011ko maiatzaren 20az geroztik. Pariseko Auzitegi batek 10 urteko espetxe zigorra ezarri zion "ETAren logistika aparatuko" kide izateagatik eta zazpi urteko espetxe zigorra bete ostean aske geratu zen. Espainiara kanporatu zuten eta Auzitegi Nazionalarekin auzirik ez zuenez aske gelditu zen.

Eskoriatzan bizi zen, baina lanagatik askotan joaten zen Panamara. Larunbatean eraso egin zioten beste bi lagunekin batera zihoala La Higuera herrian, Chepo barrutian. Erasotzaileek labankada bat eman zioten eta zaurien ondorioz hil zen. Halaber, Illarramendirekin zihoan beste lagun bat ere zauritu egin zuten.

Oñatin jaio zen, orain 46 urte. Ameriketara ihes egin zuen, 90eko hamarkadan, baina, geroago, Frantziara joan zen. 2003ko uztailaren 30ean atxilotu zuten, Cahors herrian (Lot departamendua). Frantziako agintariek Dalton taldeko kide izatea leporatu zioten, eta 10 urteko espetxe zigorra ezarri zioten materiala probatzeaz, garraiatzeaz eta banatzeaz arduratzen zen talde horretako kide izateagatik.

2011ko maiatzaren 20an aske geratu zen, zazpi urteko zigorra bete ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea