Politika -
'Barcenasen agiriak'
Del Burgo, Abascal eta PPko beste hainbat kide, Ruz epailearen aurrean
Atzo, Pio Garcia Escudero Senatuko presidenteak eta Eugenio Nasarre diputatuak PPn gainsoldatak jaso izana aitortu zuten.
Erredakzioa
Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak PPn ustez diru beltzean kobratu zuten gainbat pertsona galdekatzen jarraituko du gaur, "Barcenasen agiri sekretuen" ikerketaren baitan.
Hain zuzen ere, Jaume Matas Balearretako Gobernuko presidente eta Ingurumen ministro ohia, Jaime Ignacio del Burgo PPk Kongresuan duen bozeramaileordea, Calixto Ayesa Nafarroako Gobernuko kontseilari ohia eta Santiago Abascal EAEko PPko kidea galdekatuko ditu gaur, lekuko gisa.
Barcenasen agirietan, Del Burgok 500.000 pezetako (3.000 ordu) ordainketa bat jaso zuela agertzen da, eta horrek atentatu baten ondorioz etxean kalte handiak izan zituen zinegotzi batentzat zirela argudiatu zuen.
Del Burgoren izenean beste 23.439 euroko ordainketak agertzen dira, eta horiek beretzat zirela esan zuen Ayesak. Izan ere, Osasun kontseilari izateko, mediku kontsulta itxi egin behar izan zuen, eta horrek eragingo zizkion kalte ekonomikoak orekatzeko, PPk dirua eman zion.
Abascalek ere 12.000 euro jaso izana aitortu zuen, 'kale borroka' ekintza batek etxean egin zizkion kalteak konpontzeko.
Matasi dagokionez, Barcenasen agirietan 8.400 euro jaso zituela agertzen da, "etxebizitza baterako", baina, ministro ohiaren esanetan, ez daki zer esan nahi duen horrek.
Atzo, Pio Garcia Escudero Senatuko presidenteak eta Eugenio Nasarre diputatuak aitortu egin zuten hilean 4.200 eta 1.800 euroko gainsoldatak jaso zituztela PPn.