Politika -

Auzitegi Nazionala

Eduardo Puellesen hilketaren epaiketa, ebazpenaren zain

Fiskalak 45 urteko espetxe-zigorra eskatu du Iñigo Zapirain, Beatriz Etxebarria eta Daniel Pastorrentzat. Defentsak, berriz, absoluzioa galdegin du.

Eduardo Puellesen hilketaren epaiketa ebazpenaren zain geratu da.
Eduardo Puellesen hilketaren epaiketa ebazpenaren zain geratu da.
Eduardo Puellesen hilketaren epaiketa ebazpenaren zain geratu da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eduardo Puelles Espainiako Poliziaren inspektorearen hilketari buruzko epaiketa ebazpenaren zain geratu da gaur goizean.

Ana Noe Auzitegi Nazionaleko fiskalak 45 urteko espetxe-zigorra eskatu du Iñigo Zapirain, Beatriz Etxebarria eta Daniel Pastor ETAko kideentzat, Puelles hil zutela esateko "froga nahikoa" dagoela argudiatuta.

Zehazki, Estatuko Segurtasun indarren kontrako hilketa terrorista burutzea eta hondamen terrorista eragitea leporatu diete. Kartzela-zigorraz gain, espetxetik atera ostean debekatuta izango dute Bilbotik ateratzea 10 urtez.

Akusazioa

Epaiketaren azken saioan, fiskalak gogora ekarri du 2009ko abuztuan  ETAk bere gain hartu zuela Puellesen aurkako atentatua eta nabarmendu du aipatu kartzela-zigorra eskatzeko "frogak" egon badaudela.

Iñigo Zapiraini eta Beatriz Etxebarriari egindako galdeketak luzeak izan zirela onartu du, "baina gertakari horretaz gain beste gauza batzuetaz ere galdetu zitzaielako".

Fiskalaren esanetan, Zapirainek eta Etxebarriak galdeketetan onartu zuten Daniel Pastorren ardura zela Puellesek lan egiten zuen Bilboko komisariaren inguruko ibilgailuen matrikulak identifikatzea. Era berean, atentatua burutu aurretik Puelles hiltzeko beste bi saiakera egin zituztela, baina "arazoengatik" bertan behera geratu zirela erantsi du.

Auzitegi Nazionaleko fiskalak adierazi duenez, Etxebarriak, atxilotuta egon zen egunetan, atentatua izan zen tokiaren "krokis bat" egin zuen "bere borondatez". Zapirainek, berriz, lehergailuari buruzko xehetasunak eman zituen galdeketetan, fiskalaren arabera.

Maria Ponte akusazio partikularraren abokatuak, ostera, hiru auzipetuak zigortzeko eskaerarekin bat egin du. Gainera, atentatuan parte hartu zutela ukatu ez dutela eta tratu txarrak izan zituztela esatera mugatu direla azpimarratu du.

Poliziaren Sindikatu Profesionalaren ordezkaritzak bere egin ditu Fiskaltzaren argudio guztiak eta tortura salaketak "ETAren gida-liburuaren" ondorio direla erantsi dute.

Terrorismoaren Biktimen Elkarteko (AVT) abokatuak ere hiru auzipetuak errudunak direla "frogatuta" geratu dela esan du. "Hirurek parte-hartze zuzena izan zuten Puellesen hilketan", adierazi du.

Defentsa

Bestalde, Zapirainen eta Etxebarriaren defentsak absoluzioa eskatu du, "gertakarietan parte hartu zutela frogatu ez delako". Era berean, atxilotuta egon ziren egunetan egindako aitortzak baliogabetu egin behar direla esan du, "torturapean eskuratu zituztelako". "Ez zen atxiloketaren gaineko kontrol juridikorik izan", kritikatu du.

Ildo berean, Daniel Pastorren abokatuak ere atentatuan parte hartu izana frogatu ez dela azpimarratu du. "Bere kontrako froga bakarrak torturapean egindako deklarazioak baino ez dira", gaineratu du.

Defentsak ez du ukatzen Pastor ETAko kidea zela. Aitzitik, "ez dago frogarik atentatu hartan parte hartu zuela baieztatzeko".

Erantzukizun zibilari dagokionez, Ministerio Publikoak eskatu du hiru auzipetuek 200.000 euro ordaindu behar diotela Puellesen alargunari eta beste 150.000 eurona haren semeei.

Adituen frogak

Amaitzeko, epaiketan deklaratu duten adituek azaldu dutenez, Puellesen gorpua identifikatzeko hagin baten arrastoak erabili behar izan zituzten.

Leherketaren unean Puelles gidariaren eserlekuan zegoen, baina ez zen berehala hil. Suak kiskalita eta kea arnastuta hil zen, autopsiak baieztatu ahal izan zuenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea