Politika -
Balantzea
Bilduren 'jarrera inposatzailea' gaitzetsi du EAJk
Egibarrek elkarrizketa bideak irekitzeko eskatu dio Bilduri. Halaber, Gipuzkoarentzat proiekturik ez izatea leporatu dio.
Erredakzioa
Joseba Egibar EAJren Gipuzkoako buruak "jarrera inposatzailea" izatea egotzi dio Bilduri. Salatu duenez, Bildu ezker abertzalearen proiektu politikoa eraikitzeko lanean ari da, baina ez dauka gipuzkoarrentzat proiekturik.
Gipuzkoako jeltzaleek prentsaurrekoa eskaini dute gaur Donostian, udal erakundeen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren legegintzaldi erdiaren balantzea egiteko. Bertan izan dira, Joseba Egibar GBBko presidentea, Markel Olano Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJren bozeramailea, Eneko Goia Donostiako zinegotzia, eta Maria Eugenia Agirrezabalaga GBBko kidea.
"Bi urteotan Bilduk erakutsi du ez duela proiekturik gipuzkoarrentzat, ezker abertzalearentzat bai, ordea. Ezker abertzaleaz haratago, Gipuzkoa anitza da ordea", salatu du Egibarrek. Horren arabera, " Foru Aldundia eta udal gobernuak baliatu ditu Bilduk, bere proiektuan sakontzeko".
Bestalde, elkarrizketa eta akordioetarako borondatea eskatu dio buruzagi jeltzaleak Bilduri.
Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren balantzea
Bilbon, prentsaurrekoa eskaini dute Bizkaiko jeltzaleek, Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren bi urteotako balantzea egiteko. Bertan izan dira, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia, Itxaso Atutxa Bizkaiko jeltzaleen burua eta Ibone Bengoetxea Bilboko alkateordea.
Kudeaketan izandako gardentasuna eta kudeatzaileen jarrera nabarmendu ditu Jose Luis Bilbaok. Horren arabera, jarduera ekonomikoa handitzea, eta inbertsio publikoak eta gizarte zerbitzuak mantentzea izango dira helburu nagusiak. Horren ustez, Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko "burdinezko itunak" fruituak eman ditu, eta horren lekuko dira, Bilbao-Bizkaia marka edota Bilborako sarbide berriak.
Ibone Bengoetxeak nabarmendu duenez, Bilboko Udalean kudeaketa ona egin dute jeltzaleek, eta udal gobernuak "hobeto pairatu" ahal izan ditu krisi ekonomikoaren eraginak. "Udalak ez dauka zorrik, baina ez daukagu dirua soberan", gaineratu du.