Politika -

'Barcenasen agiriak'

PPri 'sekula' dohaintzarik eman ez diotela esan dute bi enpresaburuk

Horrela, Juan Miguel Villar Mir OHLko presidenteak eta Jose Luis Sanchez Dominguez Sando taldeko jabeak dohaintzak ukatu dituzte epailearen aurrean.

Juan Miguel Villar Mir OHLko presidentea Auzitegi Nazionalean. EFE
Juan Miguel Villar Mir OHLko presidentea Auzitegi Nazionalean. EFE
Juan Miguel Villar Mir OHLko presidentea Auzitegi Nazionalean. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi Popularrari "sekula" dohaintzarik eman ez diotela adierazi dute Juan Miguel Villar Mir OHLko presidenteak eta Jose Luis Sanchez Dominguez Sando taldeko jabeak. Barcenasen agirien auzian inputatu gisa deklaratu dute bi enpresaburuek.

Bestalde, Alfonso Garcia Pozuelo enpresaburuak Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratzeari uko egin dio. Enpresaburua espetxera bidaltzeko beste bista bat eskatu dute akusazioek, baina epaileak ez du onartu.

Iturri juridikoek jakitera eman dutenez, Garcia Pozuelok inputatu gisa deklaratzeari uko egin dio, 'Barcenasen agirien' auzian. Constructora Hispanicako jabe ohiak ustez 150.000 ordaindu zizkion PPri 2000, 2003, 2004 eta 2006an.

Javier Iglesias enpresaburuaren abokatuak azaldu duenez, Garcia Pozuelok justiziari lagundu dio aurretik, Gurtel auzian adibidez. Pieza horretan ere enpresaburua inputatuta dago.

Luis Sanchez Dominguez Barcenas efe

Jose Luis Sanchez Dominguez Sando taldeko jabea. Argazkia: EFE

Protesta

Garcia Pozuelo 14:30 aldera heldu da Auzitegi Nazionalera, eta epaitegietako atean 20 bat lagunek ustelkeriaren kontra protesta egin dute.

Ekologistak Martxan kolektiboak sinatutako kartelak zituzten manifestariek: "Constructores corruptores", "Politicos del PP, SOBREcogedores" eta "Gobierno dimision" esaldiekin.

Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak zortzi enpresaburu galdekatuko ditu gaurtik asteazkenera, inputatu gisa, 'Barcenasen agirien' auziaren baitan.

Enpresaburu horiek eraikuntzaren sektorekoak dira, eta, ustez, dohaintzak eman zizkioten PPri. Ordainketok Luis Barcenas diruzain ohiaren kontabilitate ezkutuan zeuden jasota.

Asteartean honakoen txanda izango da: Jose Mayor Oreja (FCC Construccion), Manuel Contreras (Azvi), Luis del Rivero (Sacyr Vallehermoso) eta Juan Manuel Fernandez Rubio (Aldesa).

Asteazkenean Antonio Vilella (Construcciones Rubau) eta Pablo Crespo 'Gurtel' sareko ustezko 'bigarrena' pasatuko dira Auzitegi Nazionaletik.

12.000 milioi euro, kontratutan

Enpresaburu horiek 12.000 milioi euro jaso zituzten 2001. eta 2002. urteetan, kontratu publikotan, PPk gobernatzen zuen hainbat administraziotan, Espainiako Poliziak egindako ikerketaren arabera.

Txosten horretan, PPri "identifikatuta dauden 19 pertsonak" eman zizkiotela dohaintzak ondorioztatu dute Segurtasun Indarrek. Horietatik, 16k legez kanpoko dohaintzak eman ziztuzten, legeak baimendutako 60.000 euroko muga gainditu zutelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea