Politika -

Barcenas auzia

Barcenasen Suitzako dozena bat kontu blokeatzeko agindu du epaileak

Halaber, ordezkaritza gastuen kontuak, erkidegoetako kontabilitatea eta Genova kaleko egoitzan sartu zirenen erregistroa eskatu dizkio PPri Ruz epaileak.

Luis Barcenas, PPko diruzain ohia. EFE
Luis Barcenas, PPko diruzain ohia.
Luis Barcenas, PPko diruzain ohia. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Suitzan Luis Barcenas PPko diruzain ohiak eta Ivan Yanez haren izen-mailegatzaileak duten dozena bat kontu blokeatzeko agindu du Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak. Zehazki, bien izenean zein horiekin zerikusia duten enpresen izenean dauden kontuak blokeatzeko agindu du.

Ostegunean, Valentziako PSOEk egindako eskaera onartu eta Penaleko Aretoak erreguzko gutuna bidali dio Suitzako Justiziari, Barcenasen kontuak direla-eta.

Gaur bertan kaleratu duen epai batean, eskaera hori handitu eta Barcenasen eta haren izen-mailegatzailearen kontuak blokeatzea agindu du epaileak. Testu horretan, Genevako hiru kontu, gutxienez, eta Lombard Odier bankuko kontuak aipatzen ditu epaileak.

Suitzako kontuetan 38 milioi euro izatera iritsi zen Barcenas.

Epaileak hainbat agiri eskatu dizkio PPri

Pablo Ruzek, halaber, 2004tik 2012ra bitartean PP barruan izandako ordezkaritza gastuen kontuak eskatu dizkio Alderdi Popularrari. Horrekin batera, Galiziako, Kantabriako, Errioxako, Kataluniako, Malagako eta Sevillako PPko egoitzetan 1997 eta 2007 bitartean izandako kontabilitatea eskatu dio epaileak alderdiari.

Bestalde, 1990etik 2005era PPk jasotako diruaren eta egindako ordainketen berri eskatu dio Ogasun Agentziari Ruzek, eta 2007an eta 2008an PPk aurkeztu zituen sozietateen gaineko zergen aitorpenak ere eskatu dizkio.

Idatzian, gainera, 2001etik 2008ra bitartean PPren Genova kaleko egoitzan sartu zirenen erregistroa ere eskatu du epaileak.

Ordezkaritza gastuen eta egoitzako sarreren inguruan Ruz epaileak egindako eskaerak bete egingo dituztela adierazi dute Alderdi Popularreko iturriek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea