Politika -
Elkarrizketa
Goirizelaia: 'Daukagun aukera Europara jotzea izango da'
"Erabakia hartzen denerako, zigorra beteta" izango dutela kritikatu du Jone Goirizelaia Bateragune kasuko abokatuak eta beraz, zentzurik izango ez duela nabarmendu du.
Nerea Olaso | eitb.com
Jone Goirizelaia Bateragune auziko abokatuak ez zuen Konstituzionalaren erabakia espero; "espero genuena beste erabaki bat hartzea zen; baina epaia irakurrita, epaiak berak harritu nau", esan du. "Oso erresoluzio ahula da eta ez nuen espero", azpimarratu du.
Kezkatuta azaldu da eta "dugun aukera Europara jotzea izango da eta han aztertzea hemen aztertzen ez dena" iragarri du Jone Goirizelaia Bateragune kasuko abokatuak Maddalen Iriartek Azpimarra saioan egindako elkarrizketan.
Halaber, tramite arrunt batekin erabakia hartzeak ia bi urte beharko dituela nabarmendu du, "beraz, erresoluzioa hartzen denerako, zigorra beteta izango dute; ez du beraz zentzurik izango", salatu du.
Izapide arrunten epeak kontuan hartuta, "hasi naiz pentsatzen ea biderik dugun horren aurka Nazio Batuetan zerbait planteatzeko", esan du. "Denbora asko pasatu da helegitea jarri genuenetik, eta orain esan dute, beraz, tramite arrunt batekin, eta lehentasunik gabe, urtebete edo ia bi urte pasa daitezke, horrek suposatzen duenarekin", berretsi du.
Goirizelaia datorren astean egongo da bere bezeroekin eta Twitterren Otegik zabaldu duen mezuaz mintzatu da. "Oso baikorrak dira eta konfiantza dute. Badakite bide onean gaudela eta aurrera jarraitu behar dugula nahiz eta oztopoak jarri", esan du.
Zigor Kodea aldatu zenetik, "ez dago modurik orain zigortutakoak kalera ateratzeko" azaldu du. "Modu bat dago, hau da, Europara joatea. Herriko tabernen auzian Karmelo Landarekin gauza bera egin genuen, NBEra joan ginen eta han onartu zuten arrazoia genuela eta atxiloketa ez zela bidezkoa", adierazi du. "Aztertzen ari gara ea posiblea den gauza bera egitea, eta aukera txikienarekin ere, egingo dugu", ondorioztatu du.