Politika -
Auzitegi Konstituzionala
Auzitegi Konstituzionala berrituta, gehiengo kontserbadorea du orain
Pedro Gonzalez-Trevijano eta Enrique Lopez kontserbadoreak izendatu ditu Gobernuak eta Juan Antonio Xiol progresista eta Santiago Martínez-Vares kontserbadorea, Botere Judizialaren Kontseilu nagusiak.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak Enrique Lopez eta Pedro Gonzalez Trevijano epaileak, biak kontserbadoreak, izendatu ditu Auzitegi Konstituzionaleko magistratu berri, Soraya Senz de Santamaría presidenteordeak iragarri duenaren arabera. Ostiral honetan ere, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Juan Antonio Xiol progresista eta Santiago Martinez Vares kontserbadorea izendatu ditu Auzitegi Konstituzionaleko magistratu berri. Horrela, hamabi magistratuetatik 7 kontserbadoreak izango dira eta bost, progresistak.
Santamariak azaldu duenez, Auzitegiko kideen herena berriztatu dute. Aurten, Gobernuak bi aukeratu behar zituela eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak.
Gobernuak aukeratutakoei dagokienez, Pedro Gonzalez-Trevijano Juan Carlos Erregea Unibertsitateko errektorea da. Presidenteordeak magistratuak "hezkuntza eta irakaskuntza" arloetan egindako lana goraipatu du eta zuzenbide publikoari eta konstituzionalari buruzko hainbat lan argitaratu dituela esan du.
Enrique Lopezen harian, Auzitegi Nazionaleko Penaleko Salako magistratua izateaz gain, ibilbide luzea eta ospe handia duen jurista dela nabarmendu du presidenteordeak, eta epaile postua zuzenbide ikasketak bukatu eta urtebetera lortu zuela eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian gobernu lanetan eskarmentu handia duela nabarmendu du; izan ere, letradu eta bozeramaile izan da bertan.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak izendatutako magistratu berriak, berriz, Juan Antonio Xiol eta Santiago Martinez Vares dira.
Juan Antonio Xiol, progresista, Auzitegi Goreneko Gai Zibilen Aretoko presidentea da egun. Santiago Martinez Vares epaile kontserbadorea, berriz, Goreneko administrazio-auzietarako gelako magistratu emeritua da.
Bi magistratu horiek 18 boto eskuratu dituzte Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren goizeko ezohiko bilkuran.
Juan Antonio Xiol epaile progresistak, esaterako, Sorturen jarduera politikoa babesteko boto partikularra idatzi zuen 2011n. Santiago Martinez Vares epailea, berriz, Kataluniako hezkuntza sisteman komunikazio hizkuntza gaztelania izatea eskatzen zuten gurasoei arrazoia emateagatik da ezaguna, besteak beste.