Politika -
Bake eta bizikidetza plana
Fernandez: 'Alderdi denak planaren % 80rekin eroso egotea da helburua'
Bake eta Bizikidetzarako idazkariaren esanetan, torturak aztertzea ez da ezker abertzalearentzako "keinu" bat.
Erredakzioa
Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzarako idazkariaren esanetan, "jakin badakite" alderdi politikoak ez direla % 100ean ados egongo atzo aurkeztutako Bake eta Bizikidetza planarekin.
"Euskadiko lau familia politikoak [EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PP] planaren % 70-80rekin eroso egotea da gure helburua", esan du, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean.
Fernandezek "oso positibo"tzat jo du alderdi politikoek planaren aurrean emandako erantzuna.
Bestalde, Bake eta Bizikidetza idazkariak "torturarekin zer gertatu den" aztertzea ez dela ezker abertzaleari "keinu bat" egitea adierazi du gaur, atzo Iñigo Urkullu lehendakariak Bake eta Bizikidetza Plana aurkeztu eta gero.
Fernandezek esan du Jaurlaritzaren Bake Plana "zilegi diren helburu demokratiko guztiek tokia duten" esparrua izan behar dela.
"Herri honetako lau familia politiko handiek" (EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PP) helburuetan bat ez datozela gogoratu ondoren, Fernandezek ziurtatu du horrek ez duela esan nahi "tokirik ezin dutenik izan".
"Zilegi den helburua da terrorismoaren biktimen memoria bat izatea, azken 40-50 urteetako terrorismoaren gertakariaren neurri eta larritasunari erantzun bat izatea. Batzuei ez zaie asko gustatuko ideia hori, baina Planak jaso eta bere egin du, zilegi den helburua delako", ziurtatu du.
Halaber, "torturarekin zer gertatu den jakitea" ere zilegi den helburua dela zehaztu du. "Beste batzurentzat ez da garrantzitsua eta lehentasunezkoa izango, baina zilegi den helburua da zentzu horretan zer gertatu den jakitea. Eta Planak jaso egin du, aurreiritzirik eta apriorismorik gabe", azaldu du.
Horrez gain, EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk Bake Planari eman dizkioten erantzunak eskertu ditu Jonan Fernandezek, bere iritziz "konstruktiboak" izan direlako.