Politika -
Urtebeteko bidea
'Herri akordio zabalak' bultzatuko ditu Sortuk
"Berandu baino lehen normalkuntza demokratikoa lortu, eta, bakean eta askatasunean oinarrituta, gure etorkizuna erabakitzeko", Hasier Arraiz alderdiko presidentearen arabera.
Erredakzioa
Sortu alderdiak marko instituzionalaz gaindiko "herri akordio zabalak" bultzatuko ditu alderdi politikoekin, sindikatuekin eta eragile sozialekin, Hasier Arraiz presidentearen arabera. Helburua berandu baino lehen "normalkuntza demokratikoa" lortzea eta "bakean eta askatasunean oinarrituta, gure etorkizuna erabakitzea" izango da.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak gaur urtebete legeztatu zuen Sortu alderdia, eta urtebete horren balorazioa egin du gaur Hasier Arraizek. Horren esanetan, "herri gisa pentsatzen hasteko eta estatuen erasoei erantzuteko garaia da".
Gatazkari irtenbidea emateko eta eredu soziala eraldatzeko "alternatibak" eraikitzearen alde agertu da Arraiz.
Azaldu duenez, alderdiaren erronka nagusia "50 urte hauetan ezker abertzaleak egin duen borroka garai berria bultzatzeko baliatzea izango da".
"Estatuak ez dauka agenda demokratikorik esku artean dituen arazoak konpontzeko", nabarmendu du. Gaineratu duenez, ez da gai krisi ekonomikoak eragindako arazo sozialak konpontzeko, ezta Euskal Herriak eta Herrialde Katalanek burujabetza izateko duten grinari demokratikoki erantzuteko ere.
Urtebete geroago, Estatua zapalkuntzan eta ukazioan tematuta dagoela salatu du Sortuk. "Gutxiengoaren proiektu politikoa gailentzen da, euskal herritarren gehiengoaren borondatearen gainetik. Estatuek baldintzatu gaitzakete, baina ezingo dute erabakirik hartu; erabakiak hemen, Euskal Herrian hartuko ditugu", gaineratu du.
Bestalde, Arnaldo Otegi idazkari nagusiaren askatzea aldarrikatu du.