Politika -
Terrorismoaren biktimak
Posada: 'Espainiak ez ditu inoiz bere biktimak ahaztuko'
Elkarrizketa bideratzeko eta "biktima guztiei" kaltea ordaintzeko eskatu dio Amaiurrek Rajoyri.
Erredakzioa
Jesus Posada Kongresuko presidenteak terrorismoaren kontra borrokan jarraitzeko konpromisoa agertu du gaur; eta, horretarako, zuzenbide-estatu baten tresna guztiak erabiliko dituela eta Espainiak ez dituela "bere biktimak inoiz ahaztuko" adierazi du.
Horrela mintzatu da Posada hemizikloan, Gobernuko kideen, Senatuko presidentearen eta Ganberako diputatuen eta senatarien aurrean. Horren ondoren, minutuko isilunea egin dute, terrorismoaren biktimen omenez.
Hainbat kolektibok parte hartu dute ekimenean, Terrorismoaren Biktimen Fundazioa eta M-11ko Terrorismoaren Biktimen Elkartea, besteak beste.
"Biktimen testigantzak eta autoritate morala erabakigarria izan da, badakite zer den mina, eta elkartasuna adierazteko bidezkoenak dira", adierazi du Posadak. Horrekin batera, nahiz eta terrorismoa "behin betiko" garaituko balute ere, "Espainiak ez ditu inoiz bere biktimak ahaztuko", gaineratu du.
"Biktima guztiak" aitortu
Amaiurrek, bere aldetik, Mariano Rajoyren Gobernuari eskatu dio Euskadiko bake prozesuan "inplikatzeko" eta "eztabaidan parte hartzeko". Horrekin batera, gatazkan izandako "indarkeria guztien" biktimak aitortzeko eta kaltea ordaintzeko eskatu dio.
Ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak osatzen duten koalizioak mezu hori igorri du Gernikako Batzar Etxean egindako ekimenean.
Amaiurrek "memoria historikoa" eskatu du, Euskadin "benetan gertatutakoa zer izan den" zehazteko, "justizia eta erreparazioa eskaintzeko oinarri moduan".
Horretarako, "sentsibilitate" guztien arteko "eztabaidak eta akordioak" bideratu behar direla uste dute. Hala, "eztabaidarako oztopoak" Rajoyren Gobernuak jartzen dituela salatu dute Amaiurrekoek.