Politika -
Euskobarometroa
EAJk berriro irabaziko lituzke hauteskundeak, 27-28 eserleku lortuta
EH Bilduk 21-23 eserleku eskuratuko lituzke; PSEk bi galduko lituzke, 14 lortuta; PPk 9-10 izango lituzke; UPyDk bere eserlekuari eutsiko lioke; eta Ezker Anitza Legebiltzarrera itzul liteke.
Erredakzioa
EAJk berriro irabaziko lituzke EAEko hauteskundeak gaur egingo balira. 27-28 eserleku lortuko lituzke (egun 27 ditu), baina ez luke bakarrik gobernatzeko beharrezkoa den gehiengo absolutua izango eta, beraz, beste alderdiren baten babesa beharko luke boterea eskuratzeko.
Bigarren indarra EH Bildu izango litzateke, 21-23 eserlekurekin (egun 21 ditu); PSEk bi ordezkari galduko lituzke eta 14rekin geldituko litzateke; PPk 9-10 eserleku izango lituzke (egun 10 ditu); UPyDk ordezkari bakarra izaten jarraituko luke; eta Ezker Anitza Legebiltzarrera bueltatuko litzateke, bi eserleku lortuta.
Euskobarometroaren datuak dira. Euskal Herriko Unibertsitateak egindako ikerketa soziologikoa burutzeko 1.200 elkarrizketa egin zituzten maiatzean.
Datu horien arabera, EAJk Eusko Jaurlaritzan jarraitzeko EH Bildurekin, PSErekin edo PPrekin akordioa egin beharko luke.
Legebiltzarrean abertzaleek gehiengo sendoa izango lukete, baina ezkerreko gehiengoa ere posible izango litzateke EH Bildu, PSEk eta Ezker Anitzak euren indarrak batuz gero.
PSEk, PPk eta UPyDk atzera egingo lukete eta gutxiengoa izango lirateke balizko legebiltzar horretan.