Politika -
Trebiñu Araban sartzea
EAJk, EH Bilduk eta PSEk Trebiñu Arabara batzea eskatu dute
Hori lortzeko ekinbide bat onartuko dute Eusko Legebiltzarrean, baina, ondoren, Espainiako Gorte Nagusietan berretsi beharko dute eskaera, eta PPk gehiengo osoa du bertan.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak lege organiko bat bideratuko du Gorte Nagusietara, Euskadiren eta Gaztela eta Leonen arteko mugak eraldatu eta Trebiñu Burgoseko konderria Araba izatera pasatzeko.
Xabier Agirre (EAJ), Belen Arrondo (EH Bildu) eta Txarli Prieto (PSE) parlamentariek legegintzako ekinbide bat aurkeztu dute gaur Eusko Legebiltzarrean, eta, artikulu bakarrean, Trebiñu eta Argantzun egun Burgoseko administrazioari dagozkion udalerriak Arabako probintzian sartzeko eskatu dute.
Dokumentu bateratu bat aurkeztu beharrean, alderdi horiek hiru testu berdintsu aurkeztu dituzte. Hala, PPk eta UPyDk iniziatiba hori EH Bilduk bultzatutakoa dela justifikatuz atzera botatzea galarazi nahi dute, alderdi horietako bozeramaileak jakinarazi dutenez.
Ekimen hori Eusko Legebiltzarrean onetsiko dute uda ostean, babes nahikoa duelako, baina, ondoren, Espainiako Gorte Nagusietan berretsi beharko dute, eta PPk gehiengo osoa du bertan.