Politika -
Palma Arena
Matas: 'Egia gailenduko da kasu honetan, eta guztietan'
6 urteko kartzela-zigorra 9 hilabetera murriztu dio Gorenak, dirua bidegabe erabiltzeko delitua eta prebarikazioa kenduta. Ondorioz, ez dute kartzelatuko.
Erredakzioa
''Kasu honetan eta guztietan'' egia gailendu egingo dela esan du astearte honetan Jaume Matas Balearretako presidente ohiak, Auzitegi Gorenak kartzela-zigorra murriztu diola jakin ostean.
Izan ere, Gorenak berretsi egin du Palmako Probintzia Auzitegiak, Palma Arena auziko ustelkeriagatik, Balearretako presidente ohiaren kontrako ebazpena, baina 6 urteko kartzela-zigorra 9 hilabetera murriztu dio, eta presidente ohiak ez du, ziurrenik, kartzelan sartu beharko.
Auzitegi Goreneko Bigarren Aretoak gaur eman du ebazpenaren berri, eta bertan, dirua bidegabe erabiltzea eta prebarikazio delituak kendu ditu, eta influentziez baliatzeagatik soilik zigortuko dute Balearretako presidente ohia.
Bi urtera arteko kartzela-zigorren kasuan, auzipetuak kartzelatik kanpo bete dezake zigorra, aurrekariak ez baditu edo geroago beste zigorrik jartzen ez badiote behintzat.
Erabakia jakin ondoren, prentsaurrekoa eskaini du Matasek Colonia de Sant Jordi udalerrian, oporraldian dagoela. Agerraldi horretan, Justiziarekiko ''erabateko errespetua'' agertu eta politika mundura berriz itzuliko ez dela ziurtatu du.
Halaber, oraindik leporatzen dioten delituaren kontra helegitea jartzea aztertzen ari dela aurreratu du.
''Beti uste izan dut denborak eta Justiziak denak beren tokian jarriko dituztela'', gaineratu du.