Politika -
Foru Aldundia
Aldundiaren aurkako salaketak 'alferrikakoak' dira, Garitanoren ustez
Gipuzkoako ahaldun nagusiak erantzun horixe eman die Adegik Ander Rodriguez diputatuaren kontra jarritako salaketari eta PSEk Jon Peli Uriguen diputatua gaitzesteko egindako eskariari.
Erredakzioa
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ohartarazi duenez, Aldundiaren kontrako "mehatxuak, irainak eta salaketak alferrikakoak" dira, Adegik Ander Rordriguez Gizarte Politikako diputatuaren kontra jarritako salaketari eta PSE-EEk Jon Peli Uriguen diputatua gaitzesteko egindako eskariari erreferentzia eginez.
Garitanok agerraldia egin du Aldundiaren egoitzan, Aldundiko kide guztiak aldamenean zituela, eta salatutako bi diputatuei babes osoa adierazi die.
Ander Rodriguezen kasuan, Adegi Gipuzkoako enpresarien elkarteak salaketa jarri dio EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, lan-hitzarmenaren negoziazioan eguneko zentroen eta erresidentzien sektoreko enpresei "mehatxu" egitea leporatuta.
Jon Peli Uriguenen kasuan, berriz, PSE-EEk gaitzespen mozioa aurkeztu du haren kontra Gipuzkoako Batzar Nagusietan, sozialistekin adostutako krisiaren kontrako plana epearen barruan (larunbatean amaitu zen) ez garatzeagatik.
Garitanoren esanetan, Uriguen gaitzesteko eskariaren atzean honakoa dago: "Bere sailak Gipuzkoan krisia pairatzen duten ehunka enpresa txikiren proiektuak sustatu nahi dituela, gutxi batzuen interesekoak diren proiektu handiak sustatu beharrean".
Era berean, Uriguenek "eskualdeen artean sinergiak sortzen laguntzen du eta horrek agerian utzi du Gipuzkoa krisitik ateratzeko beste eredu bat behar dela".
"Agian oso ondo lan egiten ari delako gaitzetsi nahi dute. Jasanezina zaienez, begibistatik kendu nahi dute. Baina ez dute lortu, inola ere", gaineratu du.
Ander Rodriguezen kontrako salaketari dagokionez, Garitanok azpimarratu du diputatuari esker lortu dutela "Aldundiaren aurrekontuaren ia erdia gizarte politika justuagoa izatera bideratzea".
"Orain, eguneko zentroen eta zaharren egoitzen % 97k langileen eskubideak errespetatzen dituzten lan-hitzarmenak sinatu dituzte, patronalaren irizpidearen kontra", azaldu du ahaldun nagusiak.
Hori horrela, Garitanok uste du "Adegik, gipuzkoarren eskubideen kontrako guda galdu duela ikusita, eraso pertsonala abiatu du Gizarte Politikako diputatuaren kontra".