Politika -
Prebarikazio delituagatik
Gipuzkoako Auzitegiak Eibarko alkatearen kontrako auzia berrireki du
Aralarren arabera, hirigintza-zoru baten balorazioa egitean prebarikazio delitua egin zuen, eta orubea udaletxeari itzultzea "zuzenbidearen kontrakoa" izan zen.
Erredakzioa
Gipuzkoako Auzitegiak Miguel de los Toyos Eibarko alkatearen (PSE-EE) kontrako auzi bat berrireki du, azoka bat eta udalerriko musika eskola hartzen zuen udal orube bat besterentzeagatik, ustezko prebarikazio delitua egin zuelakoan.
Aralarrek Eibarko Instrukzio Epaitegiak auzi hori artxibatzearen kontra jarritako gora jotze helegitea onartu du Probintzia Auzitegiak. Hala, De los Toyos inputatu moduan deklaratu beharko du, "Udaletxeko Hirigintza eta Obren Aholkulari Batzordearen presidentea izan zelako".
Auto baten arabera, Auzitegiak udal idazkaria, Hirigintza eta Obren aholkulari juridikoa eta udal arkitektoa deklaratzera deitu ditu inputatu moduan.
Era berean, ebazpen judizialak Iñaki Arriola, Eibarko alkate ohia, Eusko Jaurlaritzako aholkulari ohia eta egungo Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusia; eta Jose Luis Valles senatari ohia deitzea aurreikusten du azalpenak emateko. Hala ere, "momentuz" azkenak ezin izango du deklaratu, "aforatua" baita.
Aralarren salaketaren arabera, talde abertzaleak uste du Eibarko alkateak hirigintza-zoru baten balorazioa egitean prebarikazio delitua egin zuela, eta orubea udaletxeari itzultzea "zuzenbidearen kontrakoa" izan zela.
Eibarko Epaitegiak auzia probisionalki "artxibatzeko oinarriak izan bazituen ere", Gipuzkoako Auzitegiak uste duenez, erabaki hori "arinegi hartu zen, oinarrizko ikerketa diligentziarik egin gabe".