Politika -
13. urteurrena
Joxe Mari Kortari omenaldia egingo diote ostegun honetan, Zumaian
Joxemari Kortaren Bidetik Fundazioak Adegiko presidente ohiari omenaldia egingo dio, eta manifestu bat aurkeztuko du.
Erredakzioa
Joxe Mari Kortaren senide eta lagunek, aurten ere, omenaldia egingo diote 2000. urtean ETAk hildako enpresaburuari. Adegiko presidente ohiari ostegun honetan egingo zaio gorazarrea Zumaian (Gipuzkoa), Korta SA enpresaren ondoan.
Lagunarteko iturriek jakitera eman dutenez, urtero, abuztuaren 8an, Kortaren omenez ekitaldia ospatuko dute, data horretan hil baitzuten duela 13 urte.
Joxe Mari Korta 52 urte zituela hil zuen ETAk bere autoan jarritako lehergailu baten bitartez Zumaiako industrialdean, bere enpresaren ondoan. Garai hartan, Gipuzkoako patronalaren presidentea zen.
Ekitaldiaren helburua "Joxe Mariren bizitza bultzatu zuten balioen alde lanean" jarraitzea da, Joxemari Kortaren Bidetik Fundazioak agiri batean azaldu duenez.
"Korta gogorarazi nahi duten guztiak ekitaldira gonbidatu nahi ditu Fundazioak eta, era berean, ekintza terroristak bukatu ostean gizartearen garrantzia goraipatu nahi du", erantsi du.
Lehenxeago, Joxemari Kortaren Bidetik Fundazioko kideek manifestu bat aurkeztuko dute. "ETAk indarkeriari amaiera eman ostean Fundazioaren barruan egindako gogoetak" bildu dituzte agirian.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia Kortaren omenaldian izan zen iaz, ETAko biktima baten oroimenez egiten den ekitaldi batean parte hartzen zuen aurreneko aldia.