Politika -

Izendapen polemikoa

Jone Artola txupineraren izendapena berretsi dute Bilboko Konpartsek

Bilboko konpartsen aburuz, "izendapena atzera botatzeak ez du oinarri juridiko ezta judizialik". Ondorioz, "Aste Nagusiko ikono guztientzat errespetua" eskatu dute.

Konpartsek Jone Artolari babesa erakusteko kartela. Argazkia: Bilboko Konpartsak
Konpartsek Jone Artolari babesa erakusteko kartela. Argazkia: Bilboko Konpartsak
Konpartsek Jone Artolari babesa erakusteko kartela. Argazkia: Bilboko Konpartsak

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2013ko Aste Nagusiko txupinera izateko Jone Artolaren izendapena berretsi dute Bilboko Konpartsek, "izendapena atzera botatzeko oinarri juridiko eta judizialik ez dagoelako". Halaber, "Aste Nagusiko ikono guztientzat errespetua" eskatu dute konpartsek.

Carlos Urquijok aginduta, Estatuko Abokatutzak izendapen horren aurkako helegitea aurkeztu zuen, izendapen horrek Terrorismoaren Biktimak Aitortzeko Legea urratu zezakeelakoan. Jone Artola Etxerat euskal presoen elkarteko kidea da. Gauzak horrela, epaile batek izendapena bertan behera uztea erabaki zuen.

Horren harira, Bilboko jaietako konpartsek elkarretaratzea deitu dute astearte honetarako Jone Artola txupinerari babesa adierazteko, Itziar Villafañez Bilboko Konpartsak elkarteko bozeramaileak baieztatu duenez. Konpartsak "Txupinera aurrera, zaindu maite dozuna" lelopean elkartuko dira astearte honetan 12:00etan Arriaga plazan.

"Aste Nagusiko ikonoekiko errespetua eta ez erabiltzeko eskatu nahi dugu, jaiarekin zerikusirik ez duten asmoekin erabili dituztelako, eta horrek giroa kutsatzen baino ez du egiten", salatu du bozeramaileak.

"Konpartsak eta herritarrak nekatuta gaude, eta polemika piztu izana deitoratzen dugu", adierazi du. "Jone Artola izan da gure aukera, publikoaren aurrean aurkeztu dugu, eta txupinera ez izateko arrazoirik ez dagoela uste dugu", azpimarratu dute Bilboko Konpartsek, "Aste Nagusia zeharo ezagutzen du, maite du eta konpartsako kidea izan da urtez".

'Mingarria'

Konpartsetako kideen iritzian, Jone Artolaren izendapenaren inguruan sortutako polemika "oso mingarria egiten zaigu asko maite dugulako", eta kritikatu egin du "egun gutxi falta direnean, nahasteko erabili izana".

Azkenik, salatu duenez, izendapena behin behinean bertan behera uzteak "ez du inolako oinarri judizialik ez sozialik". "Higuingarria da kontu hau jaiak hasi baino lehen", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea