Politika -

'Barcenas auzia'

Rajoyk beti egia esan duela adierazi du Barredak

PPko diputatuaren esanetan, "batzuk manipulatzen saiatu arren, azkenean egia nagusituko da".

Leopoldo Barreda PPko diputatua.
Leopoldo Barreda PPko diputatua.
Leopoldo Barreda PPko diputatua.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Leopoldo Barreda PPko diputatuak azpimarratu du Mariano Rajoyk "une oro" egin esan duela 'Barcenas auzia'ri buruz, eta Barcenasen defentsaren estrategia gogor kritikatu du: "Batzuk manipulatzen saiatu arren, azkenean egia gailenduko da".

Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa batean berretsi egin du Alderdi Popularra justiziarekin elkarlanean aritzeko prest dagoela.

Aste honetan Maria Dolores de Cospedalek, Javier Arenasek eta Francisco Alvarez-Cascosek deklaratuko dute Auzitegi Nazionaleko Pablo Ruz epailearen aurrean, lekuko gisa.

"Agerraldi horiek egia ezagutzea ekarriko dute, eta agerian geratuko da Barcenasek adierazitakoa bere defentsaren estrategia baten ondorio dela", nabarmendu du Barredak.

"Alderdi Popularra beti aritu da Justiziarekin elkarlanean, eta orain, gure idazkari nagusiak deklaratzera deitu dituztenean ere, gauza bera egingo dugu", erantsi du.

Barcenasek Euskadiko PPren kontra egindako akusazioaren harira, dena ukatu du Barredak. "Bilboko egoitzaren diru-mugimendu guztiak kontabilizatuta daude eta hipotekaren kreditu guztiak noiz ordaindu diren erregistratuta daukagu, baita Donostiako eta Gasteizko egoitzenak ere".

Rajoy-Urkullu bilerak

Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak Mariano Rajoyrekin izandako bilerak izan ditu hizpide. Espetxe-politikari buruz lehendakariak egindako proposamenari Rajoyk erantzuteko beharrik ez duela esan du Barredak. "Espainiako Gobernuak oso argi dauka kasu horretan nola jokatu behar duen eta legea aplikatzera mugatzen da", azaldu du.

Lehendakaria eta Espainiako Gobernuko presidentearen arteko bileren berri bazuela esan du. "Epe laburrean garrantzitsuak diren gaiak jorratzeko izan dira, hala nola, krisi ekonomikoa edota ontziolen laguntza-sistema", zehaztu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea