Politika -
Europaren etorkizuna
Urkulluk 'estatuen egitura zorrotzak' gainditzearen alde egin du
Euskal nazioaren erronka nagusia "antolakuntza politiko berriak" aurkitzea dela esan du, Europaren etorkizunari buruzko jardunaldi batzuetan.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariaren esanetan, "euskal nazioaren erronka eta aukera handiena estatuen egitura zorrotzak gainditzeko antolakuntza politiko berriak aurkitzea" da.
Horren haritik, euskal herritarren etorkizuna "Europa" dela nabarmendu du Urkulluk, eta estatuen, nazioen eta gizarteen arteko harreman berriak probatzeko deia egin du.
Lehendakariak Europaren etorkizunari buruzko jardunaldi batzuetan egin ditu adierazpenok, Bilbon. Hitzaldiak Globernance Gobernagarritasun Demokratikoaren Institutuak antolatu ditu, eta bihar bukatuko dira.
Urkulluren hitzetan, Europak "espazio berri bat sortu behar du", "interdependentziarako espazio bat".
Halaber, Euskadiren zerga sistema "subiranotasun partekatuaren aldekoa" dela esan du, "errespetua, aitortza eta berdintasuna oinarri hartuta".
"Autogobernuaren erronka erabakiak hartzeko eta horiek gauzatzeko prozesu konplexuetan, hau da, espazio sozio-politiko zabalagoetan, parte hartzea da", iritzi dio Urkulluk.