Politika -
EAJ-PSE akordioa
UPyD: 'EAJ-PSE akordioak bi alderdien interesak babestu nahi ditu'
Gorka Maneirok erreforma fiskalaren inguruko akordioa kritikatu du "ez baitu Batzar Nagusien esku dagoen zatitutako fiskalitatea zalantzan jartzen".
Erredakzioa
UPyD alderdiko Gorka Maneirok EAJ eta PSEk erreforma fiskalaren inguruan hitzartu duten akordioa kritikatu du. Maneiroren aburuz, "akordioak bi alderdi horien interesak babesten ditu, eta aldaketa garrantzitsuak ekiditen ditu".
Prentsa ohar batean jakitera eman duenez, "benetan aldatu behar dena aldatu ezean, ez dugu makillajerik behar. Euskadiko erakunde sistema aldatzea eta bere egitura zaharkituak berritzea da behar duguna", gaineratu du.
"Akordioak ez du zalantzan jartzen Batzar Nagusien esku dagoen zatitutako fiskalitatea. Hori dela eta, fiskalitatearen arloko eskumenak Eusko Legebiltzarraren esku jartzea eskatzen jarraituko dugu", kritikatu du.
UPyDko legebiltzarkideak erakundeen "erabateko erreforma sakona eskatu du, eta horren eraginez, baita Lurralde Historikoen Legearen erreforma ere".
EAJ eta PSEren artean lortutako akordioa ezagututa, Maneirok adierazi du "herritarrentzako ongizate eta berdintasun gehiago bermatzeko akordioa behar du Euskadik, eta ez aldaketa garrantzitsurik ekarriko ez duen akordioa". "Euskadik benetan behar dituen aldaketa handiak bultzatzeko akordioa behar dugu", gaineratu du.
"Euskadik eta bertako hiritarrek behar dituzten erreformak eskatzen jarraituko dugu, alderdi handiek beti ekidin izan dituzten erreforma horiek hain zuzen ere", amaitu du.