Politika -
ETAren amaiera
Euskadiko 3 Fiskal Nagusiei eskolta kendu die Jaurlaritzak
Segurtasun sailak hartutako neurria aste honetan bertan jarriko da indarrean.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak Euskadiko hiru Fiskal Nagusiei eskolta kentzea erabaki du, eta horrelaxe jakinarazi die. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Fiskal Nagusiei eragingo dien neurria aste honetan jarriko da indarrean, Ministerioriaren erabakiaren aurka.
Efe agentziak Segurtasun saileko iturriak aipatuz argitaratu duenez, gaur arratsaldean Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak eta Josu Zubiaga sailburuordeak bilera izan dute Josu Izagirre (Araba), Idoia Zuriarrain (Gipuzkoa) eta Maria del Carmen Adan del Rio (Bizkaia) fiskal nagusiekin. Bilera horretan jakinarazi diete erabakia. Juan Calparsoro Euskadiko Fiskal Nagusia ere izan da bileran. Galparsoro izango da bizkartzaina mantenduko duen bakarra. Ertzaintzaren zerbitzu berezien eskolta izango du.
Dena dela, hiru Fiskal Nagusiek ibilgailua izango dute karguaren ondorioz egin beharreko ibilbideak gauzatu ahal izateko. Justizia saila arduratuko da ibilgailu horietaz, eta aste honetan egingo den bilera batean zehaztuko da zerbitzua.