Politika -
Auzitegi Konstituzionala
Perez de los Cobosek dimisioa eman beharko luke, epaileen ustez
PPko afiliatua izateak edo Kataluniaren inguruan egin dituen adierazpenek "Auzitegi Konstituzionalean duen papera zikintzen dute".
Erredakzioa
Francisco Perez de los Cobos Auzitegi Konstituzionaleko egungo presidenteak dimisioa eman beharko lukeela uste dute Demokraziaren aldeko Epaileak eta Foro Judizial Independenteak elkarteek. Alderdi Popularreko militante izatea, edo Kataluniaren edo lan erreformaren harira egindako adierazpenak aipatu dituzte dimisioa eskatzeko argudio gisa.
EFE albiste agentziari egindako adierazpenetan, Joaquim Bosch Demokraziaren aldeko Epaileak (JpD, gaztelerazko singletan) elkarteko bozeramailearen iritzian, presidente kargua utzi beharko luke Perez de los Cobosek, auzitegi honetan erabakitzen baitira Estatu afera garrantzitsuenak.
Polemika iturri izan da aspalditik Auzitegi Konstituzionaleko presidentea. Uztailean jakin zenez, presidente zela, Alderdi Popularreko afiliatu ere bazen. Gainera, Kataluniako auziaren edo lan erreformaren inguruan egindako adierazpenek "Auzitegi Konstituzionalean duen papera zikintzen dute", betiere Boschen esanetan.
"Auzitegi Konstituzionalak inpartziala izateaz gain, hala eman behar du, eta Perez de los Cobos presidente izanda, hori ezinezkoa da", adierazi du Boschek.
Izan ere, Konstituzionaleko buruaren botoa erabakigarria da hainbat gaitan eta, beraz, auzitegi horrek beharko lukeen neutraltasuna kolokan gera liteke herritarren aurrean, defendatu du Boschek.
Tankerako argudioak erabili ditu Angel Dolado Foro Judizial Independentearen eledunak. Haren iritzian, Perez de los Cobos PPko afiliatua izateagatik, besteak beste, "galduta du Justiziak bere izen ona".
Doladok adierazi duenez, legez presidente karguan jarraitzeko duen aukera gorabehera, Perez de los Cobosek dimisioa eman beharko luke auzitegiak "duintasuna eta demokrazia" berreskura dezan.
"Herri honi mesedea egin eta dimititu beharko luke" esan du Doladok. Haren ustez, Auzitegi Konstituzional "errotik dago kutsatuta" eta "zaila da" haren independentzian sinestea.