Politika -

Diada 2013

Giza kate erraldoiak Katalunia zeharkatu du, independentziaren alde

1.600.000 lagun izan dira katean, eskutik helduta, 400 kilometroko bidea osatzeko. Festa-giroan, horia izan da nagusi. 2014an herritarrak hauteslekuetara deitzeko konpromisoa hartu du Masek.

Milaka lagunek independentziaren aldeko giza katean parte hartu dute

3:41

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Independentziaren aldeko giza kate erraldoi batek Katalunia zeharkatu du asteazken honetan, irailak 11. Iparraldetik hegoaldera, 400 kilometro bete ditu Kataluniako Bideak. Generalitateak emandako datuen arabera, 1.600.000 lagunek hartu dute parte ANC Assemblea Nacional Catalanak deitutako ekitaldian.

17:14an abiatu dute ekimena, Seu Vellako (Lleida) zazpi kanpai hotsekin. Lagun guztiek eskuak eman dizkiote elkarri, eta Katalunia osoa zeharkatu duen independentziaren aldeko giza katea osatu dute.

Hainbat errepide, zubi, bidegurutze, herri eta hiri izan dira horren lekuko, katea 86 udalerritik igaro baita, tartean Bartzelonatik, Gironatik eta Tarragonatik.

Hori kolorea nagusi, entseina erraldoiak eta izardunak ikusi dira nonahi. Kataluniako kulturaren adierazgarriak ere agerian geratu dira, independentziaren aldeko oihuen artean.

Bartzelonan, Katalunia plaza izan da gune nagusietako bat. Han Carme Forcadell ANCko presidenteak hitzaldia eskaini du, eta giza katea ''aurrekaririk gabeko arrakasta'' izan dela esan du.

Independentzia lortzeko, 2014an erreferenduma egin beharra dagoela esan du Forcadellek. ''Azken 30 urteotako historiak agerian utzi du bi bide daudela: Espainiako Estatuaren zentralizazioari men egin eta herri gisa desagertu, ala independentzia. Gure interesak, gure eskubideak eta gure identitatea defendatuko dituen Estatua behar dugu'', azpimarratu du.

Bartzelonako kaleetan zehar, hainbat gune ezagunetan izan da katea, besteak beste, Familia Santuan, Ramblan, Ciutadellan, Gracia etorbidean eta Camp Nou futbol zelaian.

Mas ez da katean egon

Bartzelonako Sant Jaume plazak bildu ditu Kataluniako politika munduko ordezkari gehien. Besteak beste, hauek izan dira bertan: Joan Rigol eta Ernest Benach Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak, Francesc Homs Generalitateko Presidentzia kontseilari eta bozeramailea, Irene Rigau Hezkuntza kontseilaria, Ferran Mascarell Kultura kontseilaria, Xavier Trias Bartzelonako alkatea eta Artur Masen emaztea ere. Presidentea ez da ekitaldian izan, baina antolatzaileak hartu ditu goizean.

Pasqual Maragallek ere katean parte hartu du (Gracia etorbidean), eta CDC, ERC eta ICV-EuiA alderdietako kideak eta CiUko eta PSCko hainbat diputatu ekitaldian izan dira.

''Besoak gurutzatuta'' geratu ezin duela ohartarazi dio Homsek Rajoyri. ''Egun historikoa da eta historia liburuetan agertuko da. Beste behin, Kataluniako herriak ez du kale egin'', esan du Generalitateko Presidentzia kontseilari eta bozeramaileak.

Oriol Junqueras ERCko presidentearen hitzetan, ''galdeketa nahi duten guztiak irabazle aterako den aldean daude'', eta mobilizazioa ''arrakastatsua'' izan dela eta aurreikuspenak gainditu dituela esan du. ''Kataluniako herritarren gehiengoa gure etorkizuna erabakitzeko aukera izatearen alde dago'', gaineratu du.

Giza katea, zenbakitan

Ramon Espadaler Generalitateko Barne kontseilariaren hitzetan, arratsaldeko ekimenak bildu dituen lagunen kopurua ez da 1,6 milioitik beherakoa. Bartzelonan, berriz, milioi erdi pertsona batu dira, datu horien arabera.

Gobernua ez dator bat zenbateko horiekin

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak errespetua agertu die ekitaldian parte hartu duten herritarrei, baina ''Kataluniako herritarren gehiengo isil bat'' kalera irten ez dela azpimarratu du.

Eferi egindako adierazpenetan, ministroak esan du ez datorrela bat kaleratutako parte-hartzaileen zenbatekoarekin. ''Laukoiztu egin dute'', gaineratu du.

Ekitaldi instituzionala

Goizean ekitaldi instituzionala egin dute Ciutadella parkean. Bertan, Masek esan du espero duela arratsaldeko giza kateak "mundu osoa harritzea", bere iritziz, Kataluniako independentziaren aldeko aldarrikapenek "mugarri bat" izan dutelako.

PPC eta Ciutadans alderdiak, baina, ez dira ekitaldi horretan egon, eta Albert Rivera Ciutadanseko presidenteak Diada "independentismoak bahituta" dagoela kritikatu du.

Eskuin muturreko talde batek eraso egin dio Kataluniako zentro kultural bati

''Katalunia Espainia da'' oihu artean, Generalitateak Madrilen duen egoitzaren kontra erasoa egin dute 15 bat gaztek asteazken honetan, arratsaldeko azken orduan. Bertan, Diada ospatzeko ekitaldia egiten ari ziren 40 bat lagun, eta horietatik bost arin zauritu dira.

Erasotzaileek egoitzaren hainbat beirate apurtu eta apalategiak lurrera bota dituzte. Halaber, negarra eragiteko gasa bota dute, eta tokia hustu behar izan dute. Hainbat diputatu zeuden barruan, tartean Iñaki Anasagasti jeltzalea.

Bestalde, burua estalita zuten hainbat lagunek erregearen argazki bat eta hainbat bandera (Espainiakoa, Frantziakoa eta Europar Batasunekoa) erre dituzte Bartzelonan, Diada dela-eta antolatutako manifestazio antikapitalista batean.

Kataluniako herritarrak ''datorren urtean hauteslekuetara deitzeko'' konpromisoa hartu du Masek

Diada eguneko ekitaldietan herritarrek agerian utzitako gizatasuna azpimarratu du gauean Artur Masek, Madrilgo erasoaren ondoren.

Giza kate erraldoiaren harian, Generalitateko presidenteak Kataluniako herritarrek mobilizatzeko erakutsi duten gaitasuna azpimarratu du, eta galdeketa egiteko ''baliabide demokratiko eta legal guztiak erabiliko dituela azpimarratu du. Halaber, Kataluniako herritarrak ''datorren urtean hauteslekuetara deitzeko'' konpromisoa hartu du.

''Garaia da Madrilgo agintariek katalanen ahotsa entzuteko'', gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea