Politika -
Gasteizko Udala
Gurtel auziko bi enpresaren txosten bat desagertu dela salatu du PSEk
Udalak, bestalde, txosten hori desagertu izana ukatu eta teknikaria oporretan zela eskatu zutela azaldu du. Auziarekin lotura duten bi enpresarekin du zerikusia dokumentuak.
Erredakzioa
Alfonso Alonso Gasteizko alkatea zen garaian egindako jarduera baten inguruko txosten bat desagertu dela salatu du PSE-EEk. Zehazki, Gurtel eta Barcenas auziekin lotura duten bi enpresaren jardunaren inguruko txostena da, sozialistek azaldu dutenez.
Udalak, bestalde, ukatu egin du txostenik desagertu dela, eta dokumentua dagoeneko sozialistei igorri diela azaldu du.
Gasteizko Udalean sozialistek duten taldeak komunikabide aurrean azaldu duenez, uda honetan, Barcenas auziko ''Euskadiko PPren karpeta'' izenekoaren berri izan zutenean, udal kontratazio bat eta Sufi eta Nige enpresekin ondoren egin ziren beste jarduera batzuk ikertzea erabaki zuten.
Sozialistek esan dutenez, 2005ean Udalak bi enpresa hauek kontratatu zituen, eta, handik gutxira, kontratu hori berrikusi eta tarifak igotzea erabaki zuen, enpresaren alde.
Gasteizko Udaleko PSE-EEk igoera horren inguruko txostena eskatu dio egungo gobernu taldeari, baina, sozialistek salatu dutenez, dokumentua desagertu egin da.
Udalak ukatu egin du
Gasteizko Udalak (PP) ukatu egin du txosten hori desagertu dela, eta Alfonso Alonsoren jarduna defendatu du.
Udal gobernuak azaldu duenez, txosten horrek udaleko bi saili eragiten die, eta abuztuan eskatu zuten sozialistek, teknikaria oporretan zela. Udalak gaineratu duenez, gaur bertan txostena publikoki aurkeztu du eta sozialistei helarazi die.