Politika -

Bake Lantaldea

PSEren jarrera ez dela behin betikoa esan du Pastorrek

Joseba Egibarrek bere aldetik berretsi du ez duela ulertzen zenbait alderdi politikok elkarrizketari uko egin izana.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bake Lantaldea izan da Radio Euskadiko goizeko tertulia politikoko ardatzetako bat. Atzo iragarri zuen PSEk ez zuela jarraituko ponentzian.

Joseba Egibar EAJko buruzagiak esan duenez, ulergaitza da zenbait alderdi politikok elkarrizketaren bideari uko egitea, bake ponentzian parte hartzeari utzita. Bere hitzetan,  EH-Bilduk zoru etikoa onartu ez izana ezin dute erabili sozialistek lantaldetik alde egiteko argudio modura.

Jose Antonio Pastor PSEko bozeramaileak ezker abertzalearen jarrera jarri du, beste behin, euren erabakiaren jomugan. Pastorren hitzetan, ezinbestekoa da EH-Bilduk ezker abertzalearen iraganaren irakurketa kritiko bat egitea eta zoru etikoarekiko  konpromiso irmoa agertzea. Hala ere, euren jarrera ez dela behin betikoa argi utzi nahi izan du, bake lantaldean, etorkizun batean, sartzeko aukera baztertu gabe.

Oskar Matute EH-Bilduko legebiltzarkideak, bestalde, Bake Lantaldearen garrantzia nabarmendu du. Bakegintzan eta normalizaziorako bidean lantalde honek duen egitekoa ezinbestekoa dela adierazi du.

EH-Bildu  lantaldean dagoen bitartean PPk ez duela parte hartuko berretsi du, bere aldetik, Borja Semper legebiltzarkide popularrak. Dei zuzena egin die EAJri eta PSEri elkarrizketa gune bat abiarazi dezatela eskatuz, baina aurreko legealdiaren bukaeran Eusko Legebiltzarrean onartutako akordioa oinarri hartuko duena.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea