Politika -
Itun fiskala
EAJk eta PSE-EEk bihar sinatuko dute akordioa
Akordioari "bihotzean leku bat" egiteko eskatu dio alderdi jeltzaleak militantziari; Pastorren esanetan, astelehenean hasiko da benetan legealdia. PPk berriro eskaini dio babesa Ukulluri.
Erredakzioa
Itxaso Atutxa Bizkaiko EAJren presidenteak bihar, astelehena, alderdi jeltzaleak PSE-EErekin sinatuko duen akordioari "bihotzean leku bat" egiteko eta mimatzeko eskatu dio militantziari, akordioak ekonomiaren suspertzerako eta enplegua sortzeko balioko duelako eta, hori "lehentasuna" da EAJrentzat.
Basauriko (Bizkaia) Batzokian egindako ekitaldi politiko batean, Atutxak goraipatu du bere alderdiak ez duela "etenik izan" PSE-EEri krisialditik irteteko "antidoto" bat behar dela sinestarazi arte.
"Beharrezkoa zen zerbait egitea eta hobe da huts egitea, ez saiatzea baino", esan du politikari jeltzaleak itunaren sinaduraz. Atutxaren arabera, ituna "jaioberri" bat bezalakoa da "behar genuena, eta laguntzera datorrena".
"Batzuek gutxi dela esango digute, baina gutxi ezerezaren bikoitza da eta gutxi horrek larri dauden pertsonak lagunduko badu, asko izango da", nabarmendu du.
Jose Antonio Pastor PSE-EEren Legebiltzarreko bozeramailaren esanetan, bihar, astelehena, sinadurarekin Iñigo Urkulluren benetako "legealdia" hasiko da, hilabeteetan jarduera faltan eta "makaltasunean" izan ostean.
Arabako Errioxako mahats-bilketaren jaian hedabideen aurrean Pastorrek gogoratu duenez, Euskadin "bestelako politika egitea posible da", zerbitzu publikoetan murrizketarik egin gabe, Urkulluk nahi zuen moduan, baina Jaurlaritzak ezin izan zuena onartu, babes faltagatik.
"Bihar benetan hasiko da legegintaldia", esan du berriro Pastorrek bi alderdien artean lorutako akordioa positibotzat jo ostean. Bere ustez akordioak argi utzi du "bestelako politika egitea posible" dela; halaber, PP eta EH Bilduri ere akordioarekin bat egiteko deia luzatu die "herrialdearentzat ona" delako.
Arantza Quiroga Euskadiko PPko presidenteak, bere aldetik, alderdiaren babesa eskaini dio Iñigo Urkulluri, Euskadin egonkortasun itun handi bat egiteko.
Gogoratu duenez, PPk Espainian ere "leialtasunean, errespetuan, kooperazioan eta koordinazioan" oinarritutako "harremanak" babesten ditu.