Politika -

Faisan auzia

Pamies eta Ballesteros izan dira salatariak, Poliziaren ustez

Faisan auzian, Pamiesek eta Ballesterosek bakarrik eman ahal izan zioten ETAri Polizia egitekoa zen sarekadaren berri ikertzaileen ustez.

Pamies eta Ballesteros izan dira salatariak, Poliziaren ustez

1:20

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enrique Pamies eta Jose Maria Ballesteros Polizia buruak epaitzen ari dira Madrilgo Auzitegi Nazionalean, Faisan auzia dela eta.

Epaiketaren bigarren egunan, Carlos German, ETAren estortsio aparatuaren kontrako operazio ustela zuzendu eta ETAri horren berri nork eman zion ikertzeko ardura izan zuen komisarioak deklaratu du.

Germanen laguntzaileak ere deklaratu du gaurkoan. Berak adierazi duenez, Jose Maria Ballesteros, Arabako Inteligentzia Brigadako inspektore zena, eta Enrique Pamies Espainiako Poliziaren EAEko buruzagi ohia, dira salatari posible bakarrak.

Fiskalaren arabera, 2006. urteko maiatzaren 4an, Pamies Irungo Faisan tabernara joan zen, eta polizia-operazio bat prestatzen ari zirela esan zion Joseba Elosuari, taberna horren jabe eta ETAko estortsio sareko ustezko kideari, ETAk abiatutako bake prozesua ez apurtzeko.

Akusazioaren arabera, ezkutuko informazioa Pamiesek eman zuen baina sakeleko telefonoa Ballesterosek eman zion Elosuari, Pamiesek aginduta. Horrela, tabernaren barruan, Pamiesek Elosuarekin hitz egiteko aukera izan zuen.

Ondorio horretara iritsi baino lehen, tabernaren inguruan egondako telefono deiak aztertu zituztenean salataria Poliziako norbait izan behar zela argi omen zuten ikerlariek.

Bestalde, akusatuen defentsak zalantzan jarri ditu Faisan tabernaren kanpoaldean  jasotako grabazioak. Irudi horietan, Elosua eta Ballesteros ikus daitezke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea