Politika -
Akordioa
'Euskal Herria Sendotzen' ekimenak lehen urratsak egin ditu
Gaur lankidetza akordioa sinatu dute Udalbiltzak eta Gaindegiak Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak.
Erredakzioa
Udalbiltzak hainbat eragilerekin kolaboratuko du "Euskal Herria Sendotzen" ekimenaren bitartez, Euskal Herriaren garapen nazionala bultzatzeko.
Asteazken honetan, prentsaurrekoa eskaini dute Udalbiltzako ordezkariek eta "Euskal Herria Sendotzen" egitasmoaren gaineko xehetasunak eman dituzte. Azaldu dutenez, martxoan Udalbiltzaren Kohesio Funtsa berriz abian jarri zuten, eta horren baitan "Euskal Herria Sendotzen" egitasmoa sortzea erabaki zuten.
Nazionalitatea normaltasunez bizitzea lortu arte bide luzea egin beharko da Udalbiltzako kideen esanetan. Bide horretan, Udalbiltzak garapen nazionalarekin loturiko eragileak lagundu nahi ditu, dagokien aitorpen instituzionala eman, eta ahal bada, "horiek duten babesa handitzen saiatu".
Kohesio Funtsa duela gutxi sortu da, eta aurten 90.000 euro bideratuko ditu Udalbiltzak "Euskal Herria Sendotzen" egitasmora. Bestalde, Udalbiltzak urtea amaitu aurretik 7 edo 8 eragilerekin hitzarmenak adosteko asmoa du.
Gaindegiarekin akordioa sinatu du Udalbiltzak
Udalbiltzak Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiarekin akordio estrategikoa sinatu du asteazken honetan. Hitzarmenak hiru urteko iraupena izango du (2013-2015), eta bertan lankidetza harreman horretako oinarriak bilduko dira.
Babes instituzionala, aitortza publikoa eta laguntza ekonomikoa emango dizkio Udalbiltzak Gaindegiari, eta trukean bere esku duen informazio eta ezagutza osoa emango dizkio Udalbiltzari.