Politika -
Gasteizen
PP: 'Erabakitzeko eskubideaz ari dira, kudeaketa txarra estaltzeko'
Arantza Quirogaren ustez, EAJko agintariak "ez dira gai urritasunean oinarritutako kudeaketa bat egiteko", eta, ondorioz, Urkullu lehendakariak erabakitzeko eskubidearen "gai zaharrera" bueltatu da.
Redacción
Estatus politiko berriaren eta erabakitzeko eskubidearen gaiak Jaurlaritzaren kudeaketa txarra estaltzeko ateratzea leporatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari Arantza Quiroga Euskadiko PPko presidenteak.
Quirogak Euskadiko PPk Gasteizen egindako konbentzioan egin ditu adierazpenok. Konbentzioan Alfonso Alonso, Javier de Andres, Borja Semper eta Anton Danborenea alderdiko agintariak ere izan dira.
Quirogaren ustez, EAJko agintariak "ez dira gai urritasunean oinarritutako kudeaketa bat egiteko", eta, ondorioz, Urkullu lehendakariak erabakitzeko eskubidearen "gai zaharrera" bueltatu da, "gaizkien pasatzen ari direnen aurrean arinkeria handia eta sentsibilitate gutxi erakutsita".
"Atzeko atetik"
Horren harian, erabakitzeko eskubideaz txintik ere esan ez izana egotzi dio EAJri. "Orduko EAJk ez zuen ezer ere esan eta gaia orain atera du, atzeko atetik, kudeaketa txarra estaltzen saiatzeko", azaldu du.
Hori dela eta, PPko presidentearen iritziz, Jaurlaritzako kideak "ez dira ezer kudeatzeko gai urritasuna nagusi den garai honetan, izan ere, ez dute oraindik ulertu arrakasta politikoa ez dela gastatutako diruan neurtzen, erakundeetan agertutako lidergoan baizik".