Politika -
Erabakitzeko eskubidea
Estatus politiko berria 2015era arte atzeratzea kritikatu du Aralarrek
''Kataluniako herriak eta bertako gobernuak ezarritako ildotik'' lanean hastea eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari Patxi Zabaletak.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak ''erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida 2015a arte atzeratu nahi izatea'' kritikatu du astelehen honetan Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak. Halaber, Kataluniak abiatutako pausoei jarraitzeko ''ausardia'' eskatu dio lehendakariari.
Donostian eskaini duen prentsaurrekoan, Zabaletak azpimarratu du EAJk eta PSE-EEk sinatutako akordioak ez duela aipatu ere egiten erabakitzeko eskubidea, eta sozialistek dagoeneko eskubide horren ''kontra'' joko dutela aurreratu dutela.
Hala, ''Kataluniako herriak eta bertako gobernuak ezarritako ildotik'' lanean hastea eta ''eragile sozial, sindikal eta politikoekin batera herri gisa planteamendu bat'' aurkeztea eskatu dio Urkulluri, ''Madrildik datozen eraso neoliberalei aurre egiteko''.
Zabaletak azpimarratu duenez, joan den asteko politika orokorreko saioan Urkulluk ''ez zuen Euskal Herria behin ere aipatu'', eta, Aralarren hitzetan, horrek agerian uzten du ''lehendakariaren asmo bakarra egungo esparrua hobetzea dela, Gernikako Estatutua oinarri hartuta''.