Politika -

Elkarrizketa

'Koroari arau gehiago jarriz gero, arazo asko aurreztuko genituzke'

Javier Tajadura Tejada EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslearen aburuz, "beharrezkoa da abdikazioaren ondorioak arautzeko lege bat sortzea".

Javier Tajadura EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslea.
Javier Tajadura
Javier Tajadura EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslea.

Amaia Akordagoitia | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Konstituzioak erregearen abdikazioa jasotzen du, baina haren ondorioak arautzeko lege organiko bat sortu behar da: "Ez da Konstituzioa aldatu behar, oro har ondo baitago, baina garatu egin behar da. Koroari arau gehiago jarri izan bagenizkio, arazo asko aurreztuko genituzkeen", azaldu du Javier Tajadura Tejada EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko irakasleak.

Tajaduraren aburuz, "ezjakintasun handia dago" horren inguruan. "Printzeak, adibidez, zenbait lan egin ditu, baina, Konstituzioaren arabera, ezin du ezer egin. Hau da, orain arte egin duena legez kanpo edo Konstituzioa alde batera utzirik egin du, printzearen jarduna arautzeko legerik ez baita onartu oraindik. Ez dira arautu beharreko alor guztiak arautu, bateraezintasunak (Urdangarinen inguruan sortutako iskanbila saihestuko zatekeen) eta kontuen gardentasuna, esaterako".

Konstituzioak erregearen irudia jasotzen du, "munduko konstituzio guztiek estatuburua jasotzen duten bezala". Horregatik, berdin dio: "Monarkia edo errepublika izatea bigarren mailako kontua da".

"Erregea Estatuaren bateratasunaren eta iraunkortasunaren ikurra da": hitz horiekin deskribatzen du Konstituzioak erregea. Hau da, "ikurra da". Hala ere, Frantziako Konstituzioak gauza bera esaten du presidenteari buruz. Eta, hain zuzen ere, bateratasunaren ikurra direnez, estatuburu guztiak "arduragabeak" dira, hau da, epaileek ezin diete konturik eskatu.

Hala eta guztiz ere, errege baten eta presidente baten arteko desberdintasunik ere bada: "Karguan dagoen bitartean, errepublika bateko presidentea estatuburua da, erregea bezala, baina, urteak joan ahala, presidenteak izateari uzten dio eta erregeak ez, biziartekoa da".

Demokraziak

"Monarkia parlamentarioa sintagman, adjektiboak du pisua. Zer esan nahi du horrek? Parlamentarioa izatea dela garrantzitsuena. Hau da, monarkia eta errepublika parlamentarioen arteko desberdintasun bakarra oinordekoa dagoela da. Biak dira demokraziak. Hortaz, monarkia parlamentarioa kontzeptuak herrialde demokratikoa dela esan nahi du", azaldu du Tajadurak.

Konstituzioak abdikazioa jasotzen duen arren, ez dago araututa: "Egia da Konstituzioak abdikazioa arautzeko lege organiko bat behar dela diola, baina oraindik ez da sortu".

"Abdikatzea erregearen aldebakarreko erabakia da, eta, prozedurari buruz, ez dago zalantzarik. Aldebakarreko ekintza hori norbaiten aurrean egin behar da betiere, eta, monarkia parlamentarioetan, Parlamentuaren aurrean egin behar da. Abdikazioaren efektuak arautzeko legerik ez izateak, ordea, zenbait arazo eragin ditzake", esan du EHUko irakasleak.

Hortaz, errege izateari uzten dionak zein estatutu du? Arduraduna edo arduragabea da? Epailearen aurrera eraman dezakete, errepublika bateko presidenteak kargua uzten duenean bezala? "Nire ustez, monarkia parlamentarioaren eta erakundearen beraren logika dela eta, erantzuna oso erraza da, baina esaten ari naizen hori arautuko lukeen legea sortzea komeniko litzateke; izan ere, ados ez dagoen norbait ere egon liteke", uste du Tajadurak.

rey, felipe, erregea, juan carlos, EFE

rey, felipe, erregea, juan carlos, EFE

Abdikazioa egin eta gero, ondorengotza berehalakoa da: "Juan Carlosek erregea izateari uzten dion unean bertan, Asturiasko printzea errege bihurtuko da, eta Gorteetan, minutu gutxiko zeremonia batean, aldarrikatu besterik ez da egin beharko; izan ere, Felipek 18 urte zituenean egin zuen Konstituzioaren zina. Orain, Gorteetan aldarrikatu beharko litzateke, besterik ez".

Monarkia edo errepublika?

Konstituzioak berak jasotzen du, azken artikuluetan (168), aldaketak nola egin daitezkeen eta, zehazki, monarkiaren ordez errepublika ezartzeko zer egin beharko litzatekeen. Aldaketa hori egiteko prozedurak hiru fase ditu.

"Lehenik eta behin, proposamen hori Gorteetan aurkeztu behar da, eta, gizartearen babes zabala duela erakusteko, diputatuen eta senatarien bi herenek baiezko botoa eman behar dute, ez gehiengo sinple batek ezta absolutuak ere. Hau da, bi alderdi nagusiek bat egin beharko lukete", azaldu du Tajadurak. Hortaz, hemizikloan 350 diputatu daudela kontuan izanik, PPk bakarrik ere (180 diputatu ditu) ez luke ekimena aurrera ateratzeko ahalmenik izango. "Diputatuen bi heren 233 izango lirateke", gaineratu du.

"Ondoren, hauteskunde orokorrak egin behar dira. Hau da, Kongresua eta Senatua aldatu behar dira, eta, ondoren, bi hereneko bozketa egin behar da berriz ere. Azkenean, erreferenduma egin behar da, herritarrek zer nahi duten adierazteko. Ateratzen dena herriak nahi duena izango da, orduan", esan du.

Hala ere, errepublika aldarrikatutakoan, hainbat galdera sortuko lirateke: "Nolakoa izango da errepublika hori? Nork aukeratuko du estatuburua? zenbat denboratarako?". EHUko irakaslearen arabera, "oso konplikatua izango litzateke".

"Politikoki, monarkia parlamentario baten konstituzioa dugula esaten dugunean, azken finean, erregea konstituzioa den eraikin horren oinarria dela esan nahi dugu. Hartara, oinarria erortzen bada, eraikin osoa etorriko da behera. Hau da, eraikin hori gustuko ez badugu, oinarria kendu eta beste berri bat sortuko dugu", azaldu du.

"Hala ere, gauza bat kendu eta beste bat jartzea baino askoz ere gehiago izango litzateke: konstituzio berri bat egin, goitik behera".

Leonor, oinordekoa

Feliperen eta Letiziaren lehen alaba, Leonor, ezingo da erregina izan 18 urte betetzen dituen arte, eta, bitartean, "beharrezkoa izango litzateke, eta Konstituzioak horrela agintzen du, erreginorde bat aukeratzea".

Oinordekoa adingabea bada, ezin dute estatuburu izendatu: "Estatuburutza ez du adingabe batek hartzen, erregeorde edo erreginorde batek baizik. Gorteek aukeratu behar dute, baina, ama edo aita bizirik badago, bera izan ohi da erregeordea. Hau da, Letiziak bizirik jarraituko balu, erreginordea izango litzateke, baina Gorteek izendatu beharko lukete". Hala ere, "erregeordeak ez du zertan errege familiakoa izan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea