Politika -
Bi ertzain hiltzeagatik
Mikel Otegiri 34 urteko zigorra baieztatzea eskatu du fiskalak
Terrorismoaren larrigarria, ostera, ez du onartu. 1997an Otegi epaitu eta absolbitu egin zuen Gipuzkoako Lurralde-auzitegiko herri-epaimahai batek.
Erredakzioa
1995ean Iñaki Mendiluze eta Jose Luis Gonzalez ertzainak hiltzeagatik Mikel Mirena Otegiri ezarritako 34 urteko espetxe-zigorra baieztatzea eskatu dio gaur Fiskaltzak Auzitegi Gorenari. Hilketa Itsasondon (Gipuzkoa) gertatu zen.
Akusazio partikularrak terrorismoaren larrigarria aplikatzea nahi zuen, baina fiskalak ez du onartu. Biktimen senitartekoek jaso behar dituzten kalte-ordainak handiagotzea ekarriko luke horrek.
1997an Otegi epaitu eta absolbitu egin zuen Gipuzkoako Lurralde-auzitegiko herri-epaimahai batek, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak epaiketa errepikatzeko agindua eman zuen. Auzitegi Konstituzionalak erabakiari babesa eman zion 2004an. Auzitegi Nazionalak eskumena zuela erabaki zuten geroago.
Ministerio Publikoko ordezkariak Otegiren defentsaren argudioak banan-banan arbuiatu ditu. Auzitegi Nazionaleko epaia bertan behera uztea eskatzen zuen abokatuak.