Politika -
Omenaldia Gipuzkoan
Senitartekoek eta lagunek 'Txiki' eta Otaegi omendu dituzte Zarautzen
Ahaztuak elkarteak ekitaldia antolatu du. "Francoren erregimenaren zigorgabetasuna indarrean dago, gaur egun sekula baino gehiago", elkarteak salatu duenez.
Erredakzioa
Jon Paredes Txiki eta Angel Otaegi frankismoak fusilatutako ETAko azken kideen senitartekoek eta lagunek omenaldia egin dute gaur Zarautzen (Gipuzkoa). Ahaztuak elkarteak ekitaldia antolatu du. "Francoren erregimenaren zigorgabetasuna indarrean dago, gaur egun sekula baino gehiago", elkarteak salatu duenez.
Omenaldia Jon Paredesen hilobiaren aurrean egin dute. Txema Urkijo Eusko Jaurlaritzako Biktimen Politika koordinatzaileak, Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkide ohiak eta Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzako Terrorismoaren Biktimen Bulegoko zuzendari ohiak parte hartu dute.
Era berean, Boxean Agirre Sorturen Gipuzkoako koordinatzailea, Markel Olano EAJko bozeramailea Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Gorka Landaburu kazetaria eta Juan Luis Ilarramendi (Bildu) Zarautzeko alkatea bertan izan dira.
Jon Paredes 'Txiki' ETAko kidearen anaia (ezk). Argazkia: EFE
Memoria Historikoaren Legea
Jon Paredesen senitartekoek lore eskaintza egin dute hilobian. Martxelo Alvarez Ahaztuak elkarteko ordezkariak hitza hartu eta Memoria Historikoaren Legea gogor kritikatu du. "Motz gelditzen da eta funtsezkoena ahaztu egiten du", salatu du.
"Francoren erregimenaren zigorgabetasuna indarrean dago, gaur egun sekula baino gehiago", eta Memoria Historikoaren legea gaiari "amaiera emateko araua da", erantsi du.
Elkarteak borrokan jarraituko duela ziurtatu du, biktimen presioak emaitzak eman dituelako; izan ere, Eusko Jaurlaritzak Txiki eta Otaegi indarkeriaren biktimatzat jo zituen 2012an.