Politika -

Auzitegi Nazionala

Deklaratzeari uko egin diote Herriraren aurkako operazioa gaitzesteko

Daniel Pastor, Iñigo Zapirain eta Beatriz Etxebarria Luis Conde militarra 2008an Santoñan hiltzeagatik epaitzen ari dira.

Daniel Pastor, Iñigo Zapirain eta Beatriz Etxebarria epaiketan. Argazkia: EFE
Daniel Pastor, Iñigo Zapirain eta Beatriz Etxebarria epaiketan. Argazkia: EFE
Daniel Pastor, Iñigo Zapirain eta Beatriz Etxebarria epaiketan. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Daniel Pastor, ETAko Otazua taldeko kideak, Auzitegi Nazionaleko epaiketa aretotik kanporatzeko eskatu du Herriraren aukako polizia operazioarengatik protesta modura. Iñigo Zapirain eta Beatriz Etxebarriak ere uko egin diote deklaratzeari.

Otazua taldearen aurkako epaiketan 2008ko irailaren 22an Santoñan izandako atentatua epaitzen ari dira. Bonba-auto bitartez Luis Conde militarra hil zen atentatuan. Akusatuentzat 486 urteko kartzela-zigorra eskatu dute guztira.

Pastorrek deklaratzeari uko egin dio Herriraren aurkako polizia operazioarengatik protesta modura. Atzoko 18 atxiloketak "euskal herritarren aurkako errepresio ekintzatzat" jo ditu eta aretotik kanporatzeko eskatu du.

Iñigo Zapirainek ere deklaratzeari uko egin dio eta epaitegiaren zilegitasuna ez duela onartzen esan ondoren, ez duela parte hartuko eta galderei ez diela erantzungo adierazi du. Beatriz Etxebarriak ere uko egin dio deklaratzeari. Pastor eta Etxebarriak esandoen inguruan hitz egiten hasi denean Manuela Fernandez de Prado magistratuak eten egin du.

Gertaerak

Akusatuek Guardia Zibilaren aurrean egindako deklarazioak ezagutu nahi izan ditu fiskalak. Jakitera eman dutenez, Otazua taldeak ETAren aginduak jaso zituela onartu zuen Zapirainek, eta horietan, Kantabrian helburuak bilatzeko eskatzen zela. Onartu, eta Santoñan bonba-autoa jarri zuten, ezagutzera emandako datuen arabera. Etxebarriaren deklarazioa gogoratu dutenean, "torturapean" lortu izana salatu du Etxebarriak.

Ondoren, lekukoek deklaratu dute. Leherketa ikusi zuten militarrek, ikerketa egin zuten guardia zibilek eta Lourdes Rodao biktimaren alargunak deklaratu dute.

Fiskaltzak gertaeraren inguruan dituen datuek ezagutzera ematen dutenez, bonba autoa Gasteizko industriagune batean jaso zuten hiru akusatuek atentatua baino bi egun lehenago. Autoa Frantzian ostua zen. Zapirain bidea irekitzeaz arduratu zen eta Etxebarria eta Pastor 100 kilo lehergai zituen autoan joan ziren. Santoñako Militarren Patronatutik 50 metrora utzi zuten bonba autoa eta goizaldeko ordubatean izan zen eztanda. Ondorioz, Luis Conde militarra hil zen eta hainbat lagun zauritu ziren. Kalteak izan ziren militarren egoitzan eta inguruko etxebizitzetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea