Politika -

PROPAGANDA FRANKISTA ETA NAZIA

Madrilgo eskola batean erakusketa faxista bat egin izana salatu dute

Madrilgo Alderdi Sozialistak jarritako salaketa baten arabera, Quijorna herriko (Madril) ikastetxe publiko batean propaganda frankista eta nazia erakutsi eta salgai jarri zuten joan den larunbatean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOEk salatu duenez, joan den larunbatean Quijorna 3.000 biztanleko herriko (Madril) ikastetxe publiko batean egindako ekitaldi batean ikur faxistak erakutsi eta salgari jarri zituzten.

Erakusketa Defentsaren Kulturaren eta Gai Militarren Jardunaldiei zegokion, eta, bertan, hainbat herrialdetako ikur faxistak ikusi eta erosteko aukera egon zen.

(Quijorna TVk Youtubera igotako bideoa. Material faxista ikusi ahal da bertan)

Guardia Zibilean salaketa jarri eta gero Azucena Concejo herri horretako PSOEko bozeramaileak esan duenez, Udalak (PPk du agintea) eta Ceutako Erregularren Taldeak antolatutako ekitaldia "terrorismoaren apologia" da, eta epaileek zehaztu beharko dute legezkoa izan ote zen.

Bestalde, Mercedes Garcia Rodriguez Quijornako alkateak barkamena eskatu die jardunaldiek mindu dituzten guztiei, eta esan du udalbatzako inork ez zekiela zer gai jarriko ziren ikusgai bertan, nahiz eta bera erakusketa egin zen aretoan egon zen.

Madrilgo Gobernuari dagokionez, Salvador Victoria bozeramaileak bandera konstituzionala soilik atsegin duela esan du, "espainiar guztiak batzen baikaitu", eta "ez dut atsegin bandera edo ikur faxista, nazi edo komunistarik, ezta oinarrizko eskubideen aurkako atentatuak eragin dituen beste edozein ideologiaren sinbolorik ere", gehitu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea