Politika -
Araba
Laudioko eta Amurrioko egoitzetan agertutako pintadak salatu ditu PPk
Santiago Abascal Aiarako PPren presidenteak salatu duenez, "PPren Gobernuak azaldu duen irmotasuna ezin du jasan ETAren munduak, eta bandalismo ekintza hauek hori demostratu dute".
Erredakzioa
Laudioko eta Amurrioko egoitzetan pintada "mehatxatzaileak" azaldu direla salatu du gaur Santiago Abascal Aiarako PPren presidenteak, Guardia Zibilak atzo Herrirako 18 kide atxilotu ostean.
Laudioko egoitzan pintadak gaur agertu dira. Amurrioko PPko egoitzan, ostera, atzo azaldu ziren pintadak, Abascalek agiri batean azaldu duenez. "Hau da zuen bakea, errepresioa ez da bidea", irakur daiteke pintadetan.
Abascalek salatu duenez, "PPren Gobernuak azaldu duen irmotasuna ezin du jasan ETAren munduak, eta bandalismo ekintza hauek hori demostratu dute". Gertakariak Ertzaintzaren aurrean salatuko dituela jakitera eman du PPko ordezkariak.
Ekintzak "gaitzetsi" ditu PPko agintariak. EAEko herrietan "oraindik askatasunik ez" dagoela esan du. Abascalen ahotan, ETAren "desagerpenetik oso urruti gaude".
"Pintaden helburu bakarra beldurtzea eta hertsatzea da", gaineratu du. "Atzean utzitako garaietara itzultzea suposatzen du", adierazi du Abascalek. Bestalde, segurtasun indarrei "babes osoa" eman die PPko ordezkariak. Gainera, euskal gizartearen "irmotasuna" goraipatu du. Azkenik, erradikalek helburuak lor ez ditzaten Gobernuak azaldutako "erresistentzia" goretsi du.