Politika -
3 DELITU LEPORATUTA
Auzitegiak Fabraren kontrako akusazio partikularra mantenduko du
Saioa bukatutzat eman dute eta ostegunean berrabiaraziko dute Carlos Fabra Castelloko Diputazioko eta probintzia horretako PPren presidente ohiaren deklarazioarekin.
Erredakzioa
Carlos Fabra Castelloko Diputazioko eta probintzia horretako PPren presidente ohiaren kontrako epaiketaren lehenengo saioa bukatu da, akusatuek deklaraziorik egin gabe eta Auzitegiak UCEren (kontsumitzaileen elkarte bat) akusazioa mantentzeko erabakia hartu eta gero. Fabrari influentziez baliatzea, kargudunak erostea eta iruzur fiskala egitea egotzi diote.
Inputatuen defentsek, besteak beste Carlos Fabrarenak, UCEren akusazio partikularra baztertzeko eskatu zioten Castelloko Auzitegiari, baina eskaera ezeztu dute.
Auzian, Amparo Fernandez Fabraren emazte ohia; Vicente Vilar Fabra salatu zuen enpresaburua; Montserrat Vives Vilarren emazte ohia eta Miguel Prim PPren senatari ohia ere inputatuta daude. Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak eta akusazio partikularrak karguaz baliatuta erakundeen artean bitartekaritza lanak egitea, Vilarren enpresak ekoizten zituen produktuentzako baimenak lortzeko, leporatu diote Fabrari.
Auzitegiak proba bezala onartu du aurreko maiatzean Nulesen (Castello) Auzitegian egindako epaiketaren grabazioa; bertan urtebeteko eta bost hilabeteko kartzelaldia ezarri zioten Vilarri, produktu fitosanitarioak salerosteko beharrezko baimenak lortzeko agiriak faltsutzeagatik.
Saioa arratsaldeko lehengo orduetan bukatu dute aurretiko kontsiderazioak aztertu ostean eta Vilarren epaiketako grabaketa duen USB memoriaren kopia bat egitea ahalbidetzeko. Hurrengo saioari bihar, osteguna, ekingo diote Fabraren deklarazioarekin.
Nuleseko (Castello) 1 zenbakiko auzitegiko titularrak, Jacobo Pinek, amaitu du instrukzioa, hainbat helegite ebatzi eta gero. Bederatzi epailek hartu dute parte auzi honetan, guztira.
Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak eta akusazio partikularrak, UCE Kontsumitzaileek Elkarteak, 13 urteko espetxealdia eskatzen dute Fabrarentzat, influentziez baliatzeko delitu jarraitu bat, kargudunak erosteko delitu jarraitu bat eta iruzur fiskalaren beste delitu jarraitu bat egin dituelakoan. Gainera, 1,98 milioi euroko isun bat ordaintzea eta Ogasunari 693.074 euro ematea ere eskatu dute.
Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzaren eta akusazio partikularraren arabera, Fabra bere kargu publikoaz baliatu zen, erakunde publikoek Naranjax Vicente Vilarren enpresari egiten zuen material fitosanitariorako lizentziak emateko.
Horren truke, akusazioaren aburuz, Vilarrek Fabrari dirua eman zion, eta horrek Ogasunari 1,9 milioi euro ezkutatu zizkion. Gainera, haren emazteak ere 1,47 milioi ezkutatu zizkion diru sarreretan, argumentu horren arabera.
Instrukzioak iraun zuen bitartean, Carlos Fabrak Castelloko Diputazioaren eta PPren agintean jarraitu zuen, harik eta 2012ko uztailean, 22 urteren ondoren, Alderdi Popularreko kargua utzi zuen arte.
Diputazioko presidentetza urtebete lehenago utzi zuen, "oso pozik" eta joateko inolako zalantzarik gabe, "nahi dudanean bainoa, jendearen eta kideen babesa dudala".
Carlos Fabrak errugabea dela esan du etengabe, eta dimititzeko eskatu diotenak gogoz kritikatu ditu.
Gaur, bihar eta ostiralean, bost akusatuek deklaratuko dute, eta hurrengo saioetan lekukoek eta perituek hitz egingo dute; 70 pertsona, guztira. Ahozko bista 12 saiotan egingo dute, urri osoan.