Politika -
Galindo aske
Galindok 'ezohiko tratua jaso izan du', esan du Egibarrek
Julen Arzuagaren arabera, Justizia "modu diskriminatzailean" aplikatzen dute eta Txarli Prietok, "errespetutik", espero du neurria "legearen araberakoa" izatea.
Erredakzioa
Joseba Egibar EAJren Legebiltzarreko bozeramaileak esan duenez, Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko jeneral ohiak (Lasa eta Zabala auziagatik zigortutakoa) "ezohiko tratua jaso du, epaia ezagutu zenetik".
EAJren legebiltzarkideak Radio Euskadiko saio batean esan duenaren arabera, terrorismoaren arazoarekin gertatutakoaren memorian "Estatuaren terrorismoaren alde hau ere jaso behar da".
Julen Arzuagaren esanetan (EH Bildu), Galindoren auziak argi uzten du justizia "inbutu" bat dela, zabala batzuentzat eta estua besteentzat.
Justizia "modu diskriminatzailean" aplikatzen dute, Estutuaren kontra edo Estatuak ongizate Estatuaren ustezko defentsan egitea kontuan hartuta.
Txarli Prieto PSE-EEko legebiltzarkideak zera erantzun dio Arzuagari; "ETAren eta terrorismoaren existentzia, eta ETAren kontrako ideiak defendatzen zituztenen pertsonen jazarpena da diskriminatzaileena".
Galindoren inguruan, Prietok, "errespetutik eta jakinda Justizia ez dela perfektua", esan du neurria "legearen araberakoa" izatea espero duela, eta denontzat "berdina izan behar duela".
Borja Semper Gipuzkoako PPren presidentearen arabera, legea "zorroztasunez" aplikatu behar da funtzionarioen kasuan.
Halaber, esan duenez, EH Bilduk adierazten duen gaitzespena Galindoren auziaren aurrean -"nik gauza bera pentsa dezaket"- ez da ETAko preso batzuen gaineko erabakien aurrean, esaterako Iosu Uribetxebarria Bolinagaren kasuan, duen jarrera berdina.