Politika -

Herriraren kontrako operazioa

'Dispertsio politika babestea' egotzi dio EH Bilduk EAJri

Itxaso Atutxak egindako adierazpenei erantzun die Ubera legebiltzarkideak. Bestalde, Karmelo Landak Espainiako Gobernuaren jarrera kritikatu du: "Bere burua suntsitzen ari da", adierazi du.

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea. Argazkia: EiTB
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak hitz gogorrak izan ditu gaur EAJ eta Iñigo Urkullu lehendakariarentzat. Salatu duenez, "Gobernu Zentralak bultzatutako giza eskubideen urraketak babestu ditu EAJk eta azkenaldian duen ikusle jarrera hori abandonatzeko aukera galdu du".

Eusko Legebiltzarrean eskainitako prentsaurreko batean atzo Itxaso Atutxak egindako adierazpenei erreferentzia egin die Uberak. Herriraren kontrako operazioa salatzeko manifestazioaren harira mintzatu zen Atutxa. Bere esanetan, kalean erakutsitako "indar hori" baliatu beharko luke ezker abertzaleak, "ETAk bere presoei banakako neurriak erabiltzeko askatasuna uzteko".

Adierazpenok kritikatu ditu Uberak. Haren esanetan, jarrera horrek "dispertsio politika, terrorismoaren kontrako legeak, eta presoen eskubideen urraketa babestu baino ez du egiten, eta urraketa horiek egiteko arnasa" ematen dio Espainiako Gobernuari.

Horren ildotik, "azkenaldian duen ikusle jarrera hori abandonatzeko aukera galdu dute EAJk eta lehendakariak", betiere Uberaren hitzetan."Bakea eraikitzeko lanaren eta gizaki guztien eskubideak defendatzen dituztenen alde egoteko aukera galdu dute", agertu du EH Bilduko legebiltzarkideak; "presoak gizakiak dira eta eskubideak dituzte", erantsi du.

Karmelo Landa: "Gobernua bere burua suntsitzen ari da"

Bestalde, Mariano Rajoy gobernuaren kontra mintzatu da Karmelo Landa HBko buruzagi historikoa. Landa bera inputatuta dagoen eta laster hasiko den herriko tabernen kontrako epaiketa edota Herriraren kontrako operazioa aipatuta, Espainiako "Gobernua bere burua suntsitzen" ari dela uste du Landak, "elkarbizitzari oztopoak ipintzen".

Radio Euskadin eskainitako elkarrizketa batean Landak agertu duenez, "ez da jendea kartzelara bidaltzeko unea, ateratzekoa baizik". Haren hitzetan, ezker abertzaleak "hutsik gabeko ibilbide argia egin du, Aieteko Bake Konferentziak ezarritakoari jarraiki".

Horren aurrean, Mariano Rajoy buru duen gobernuak "oso txarto egin ditu gauzak eta elkarbizitza lortzeko oztopoak baino ez ditu ipini", Landak azpimarratu duenez. "Gobernua bere burua suntsitzen ari da. Irteerarik gabeko kale batera eraman du Estatua. NBEren eta Europako Parlamentuaren arauak urratzen dabil", erantsi du.

"Espainiako Estatua laguntzeko prest gaude, historiaren zulo beltzean sar ez dadin. Euskal Herrian eta Katalunian gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea galdegiten ari gara. Bide hori elkarrekin ibiltzerik bagenu!", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea