Politika -
Bidaia AEB-tara
Lehendakariak gaur hasiko du lehen bidaia ofiziala AEBra
Bidaiaren helburua "Euskadiren irudia" atzerrian proiektatzea eta politika, ekonomia, gizarte zein kultura arloa ezagutzera ematea da.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak astearte honetan hasiko du Ameriketako Estatu Batuetara egingo duen lehen bidaia ofiziala. Bidaiaren helburua "Euskadiren irudia" atzerrian proiektatzea eta politika, ekonomia, gizartea zein kultura arloak ezagutzera ematea da. Lehendakaria Senatuko eta Kongresuko kideekin eta Europako Gaietarako Estatu arduradunarekin bilduko da, eta New Yorkeko Euskal Etxearen mendeurrenean parte hartuko du.
Iñigo Urkulluk Ameriketako Estatu Batuetara egiten duen lehen bidaia ofiziala da datozen egunetan egingo duena. Urriaren 14a arte iraungo du, eta Washington eta New York bisitatzeaz gain, Milwaukee hirira ere joango da. Han, Ingeteam euskal enpresaren lantegia ikusiko du.
Lehendakaria jada bertan dagoen euskal ordezkaritzarekin elkartuko da. Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuna sailburuak gaur hasi du bidaia AEBra. Euskal eredu ekonomikoa ezagutzera emango du eta bilerak izango ditu Tapiak Washingtonen.
Kongresuko eta Senatuko kideekin bilerak
Bidaiaren lehen egunean, AEBn kokatuta dauden euskal enpresen ordezkariekin bilduko da lehendakaria. Ondoren, Washingtonen bertan, Kongresua bisitatuko du eta Kongresuko eta Senatuko kideekin elkartuko da Euskadiren egoeraren berri emateko. Urkullu John Garamendi euskal jatorriko Kaliforniako kongresistarekin eta Jom Risch Idahoko senatari errepublikanoarekin bilduko da. Horrez gain, Juliea Valls Noyes Europako Gaietarako arduradunarekin ere elkartuko da.
Urriaren 10ean, Milwaukeera joango da Urkullu. Tom Barrett alkatearekin elkartzeaz gain, Ingeteam euskal enpresak bertan duen lantegia ikusiko du. Ingeniaritza elektrikoan aritzen den enpresa horrek hiru urte daramatza Milwaukeen.
Egun bat geroago, adituen aurrean hitzaldia eskainiko du New Yorkeko Columbia Unibertsitatean, garapenerako euskal ereduaren inguruan. Horrez gain, Salomon R. Guggenheim Fundazioko zuzendariarekin ere bilduko da. Bilera horretan, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak ere parte hartuko du. Bilboko museoaren hitzarmena berritzeko elkarrizketak hasteko joango da ahaldun nagusia New Yorkera.
Euskal Etxearen mendeurrena
Lehendakariak NABO Ipar Amerikako euskal erakundeak biltzen dituen federazioaren bilerari amaiera emango dio urriaren 12an, larunbatean. Ondoren, 2001eko irailaren 11ko biktimen omenez egindako monumentua bisitatuko du.
Igandean, azkenik, New Yorkeko Euskal Etxearen mendeurrenean parte hartuko du. Goizean, Josu Iriondo hiriko gotzain laguntzaileak emango duen mezan parte hartuko du. Gauean, mendeurrena ospatzeko jaian izango da Urkullu.