Politika -
Diputatuen Kongresua
Baztertu egin dute erabakitzeko eskubidearen inguruko proposamena
ERCk, Amaiurrek eta BNGk aurkeztu dute ekimena. PPk, PSOEk eta UPyDk, baina, atzera bota dute. EAJ ekimenaren alde azaldu da, eta CiU eta ICV, berriz, kontra.
Erredakzioa
PP, PSOE eta UPyD alderdien ezezko botoekin, Diputatuen Kongresuak baztertu egin du ERC, Amaiur eta BNG alderdiek autodeterminazioa aitortzeko eta galdeketa independentistak baimentzeko aurkeztutako proposamena.
CiUk eta ICVk ere ez dute ekimenarekin bat egin, erabakitzeko eskubidea babesten duten arren, eskubide hori Kataluniako Parlamentutik defendatzea lehenesten dutelako.
Erkidegoetako Parlamentuek autodeterminazio eskubidea erabili ahal izateko planteatzen zuten proposamen horretan, independentziaren aldeko erreferenduma deitzeko aukerari ateak irekitzeko.
Xabier Mikel Errekondo Amaiurrek Kongresuan duen bozeramailearen hitzetan, Gobernuak ''ezkutu eta armada'' gisa erabiltzen du Konstituzioa, Euskadi bezalako nazioen autodeterminazio eskubidea ukatzeko. Errekondoren hitzetan, baina, hori eskaera ''legitimoa eta demokratikoa'' da.
ERC, Amaiur eta BNG alderdien proposamenak EAJren babesa jaso du. Hala ere, Emilio Olabarria jeltzalearen hitzetan, ekimen ''ahula'' erabili dute eskubide hori aldarrikatzeko. ''ETAren indarkeria krudelak'' aukera hori urrundu egin duela gaineratu du.
Pedro Gomez de la Serna PPko ordezkariak, bestalde, atsekabea agertu du Euskal Herriko eta Kataluniako nazionalismoek independentisten bideari jarraitzeko abiatutako ''lasterketak'' direla-eta.
''Sezesioa ez da eskubide bat, eta legea haustea ez da demokratikoa'', esan du. ''Ez dago elkarbizitza hausteko eskubiderik'', gaineratu du. PPko kidearen hitzetan, ''Espainian egongo ez den agertoki bakarra sezesioa da''.