Politika -

Elkarrizketa, Euskadi Irratian

'Presoen auzia bideratu gabe, ezin da bake-prozesurik egin'

Mairtin O Muilleoir Belfasteko alkateak Euskal Herriari bakeak ekarriko dizkion "onurak" azaldu ditu, Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean.

Mairtin O Muilleoir Belfasteko alkatea
Mairtin O Muilleoir Belfasteko alkatea
Mairtin O Muilleoir Belfasteko alkatea

David Perez | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mairtin O Muilleoir Belfasteko alkateak "presoen auzia bideratu gabe" ezin dela "bake-prozesurik egin" adierazi du, "Faktoria" Euskadi Irratiko saioan egindako elkarrizketa batean.

"ETAren indarkeriarik gabeko aroa mantentzen den heinean, gero eta zailagoa izango zaio Espainiako Gobernuari espetxe politikan aldaketak ez egitea; presoak bakea eraikitzeko zutabe dira", gaineratu du.

Sinn Feineko kidea Donostian da gaur, alkateen nazioarteko bake-konferentzian parte hartzeko. Udaletatik bake-prozesuei egin ahal zaizkien ekarpenak aztertuko dituzte bertan, eta O Muilleoirrek gatazka bat konpondu eta gero hiriek dituzten erronkak azalduko ditu.

Alkate errepublikanoak Belfasteko adibidea jarri du, eta bertako gatazka konpondu eta gero "Irlandan azkarren hazten ari den hiria" bihurtu dela aipatu du. "Munduko konpainia handienek han jarri dute Europako egoitza, New Yorkeko burtsak, kasu", esan du.

Horregatik, "Irlandan gertatu den bezala", bakeak Euskal Herriari "onura handiak" ekarriko dizkiola eta "gure lana [alkateena] konponbidearen eta bakearen alde egitea" dela adierazi du.

Belfasteko alkatearen esanetan, "jakin badakit frustrazio handia dagoela abertzale batzuen artean, prozesuaren abiadura dela eta, baina inork ezin zuen espero erraza izatea; apustuari eusteko eskatuko nieke". Hori horrela, IRAk lehen su-etena egin zuenetik 20 urte joan badira ere, Irlandan oraindik "konpondu gabeko arazoak" daudela gogorarazi du.

ETAren desarmearen aurrean, O Muilleoirrek IRArekin gertatutakoa zehaztu du: "Armak entregatzea errendizioaren premisan onar zezan nahi zuten, eta horrela ezinezkoa izan zen aurrera egitea; bide bat bilatu behar izan genuen, armak entregatzea konponbidean beste urrats bat bezala ulertzeko. Uste dut hemen [Euskal Herrian] ere printzipio hori baliagarria dela".

Irlandaren kasuan, Belfasteko alkateak aitortu egin du oraindik ere istiluak daudela. "Saiatzen ari gara jendea elkarrengana hurbiltzen, eta, ahalegin horren barruan, nahiko genuke 10 urte barru [protestanteak eta katolikoak bereizten dituzten] harresiak botatzea", aurreratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea