Politika -

'Herri harresia', Iruñean

Poliziak 'herri harresia'n barrena egin, eta Luis Goñi atxilotu du

Gazteak ia 12 ordu eman ditu, ehunka pertsonak osasutako 'herri harresi' batek babestuta. Sei urteko espetxe zigorra ezarri zioten, Segiko kide izatea egotzita.

Luis Goñi, megafono bat eskuan, Poliziak atxilotu baino lehen. EFE
Luis Goñi, megafono bat eskuan, Poliziak atxilotu baino lehen. EFE
Tentsio uneak Luis Goñiren atxiloketan

1:06

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak atxilotu egin du Luis Goñi, Iruñean, ia 12 ordu ehunka pertsonak osatutako "herri harresi" batek babestuta egon eta gero.

Operazioa 01:30ean abiatu du Poliziak, eta minutu gutxi iraun du. Une horretan, 200 pertsona inguru zeuden Nabarreria plazan, Goñiren atxiloketa zailtzeko. Herri Harresia mugimenduko bozeramaile batek azaldu duenez, Polizia oldartu egin da, eta ondorioz hiru pertsona zaurituta daude.

Duela bi hilabete, Auzitegi Gorenak sei urteko espetxe zigorra ezarri zion Goñiri, Segiko kide izatea egotzita, eta, ordutik, gaztea ihes eginda zegoen.

Goñi 14:30ean agertu da Nabarreria plazan, desobedientzia zibil baketsuaren aldeko manifestazio baten ostean. Bertan, ehunka pertsona zain zituen, horren inguruan eseri eta atxiloketa modu baketsuan oztopatzeko.

Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, gaztea Carmen Alba Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariari, "Estatuaren jazarpen indarrei eta epaiketa eta epai politikoak babesten jarraitzen dutenei" zuzendu zaie, eta "herri honen aldarrikapenak, elkartasuna eta konpromisoa geldiarazteko oztoporik" ez dagoela ohartarazi die.

EH Bildu osatzen duten alderdien hainbat ordezkari plazara bertaratu dira, Goñiri babesa adierazteko, hala nola Sabino Cuadra Amaiurreko diputatua, Maiorga Ramirez EAko bozeramailea eta Txelui Moreno ezker abertzaleko buruzagia,

Carmen Alba Espainiako Gobernuaren ordezkariak zoriondu egin du Polizia, eta Exekutiboak "terrorismoarekin lotura duten delituak egin dituztenak atxilotzeko, epaileen esku uzteko eta zigorra betearazteko lanean" jarraituko duela nabarmendu du.

Goñi Iruñeko kartzelan espetxeratu dute agintariek erabaki bat hartu bitartean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea