Politika -
Elkarrizketa
Gomez de Liaño: 'Historiako gertaerarik lazgarrienetarikoa izan zen'
'Lasa eta Zabala auzi'ko epailea izatea "zaila" izan zela azaldu du magistratu ohiak. "Amnesia edo gertakaria ahaztea" baztertu du Gomez de Liañok.
Eriz Lotina/eitb.com
Javier Gomez de Liaño 'Lasa eta Zabala auzia' epaitzeko ardura izan zuen magistratuaren hitzetan, "historiako gertakaririk lazgarrienetarikoa izan zen".
Epaile ohia Radio Euskadiko 'Ganbara' saioan elkarrizketatu dute. Gomez de Liaño abokatu lanetan ari da gaur egun. 'Lasa eta Zabala auzi'ko epailea izatea "zaila" izan zela azaldu du magistratu ohiak.
Gomez de Liañoren arabera, auzia hartu zuenean "dagoeneko sumarioaren izapideak egiten ari ziren eta gauza garrantzitsu batzuk egiteke zeuden oraindik".
"Duela 30 urte gertatutako gauzak dira, guztien memoriak atseden hartzeko nahikoa denbora da", adierazi du epaile ohiak. Hala ere, "amnesia edo gertakaria ahaztea" baztertu du Gomez de Liañok. "Ez da gertatuko; izan ere, gertakari izugarriak eta beldurgarriak dira", erantsi du.
Bestalde, ikerketa eta prozesu guztia defendatu ditu abokatuak, "ikertu, arduradunak aurkitu eta zigortu zituztelako".
Presioak jaso izana ukatu du Gomez de Liañok, baina 'Lasa eta Zabala auzia'ren instrukzioa "ez zen erraza izan", nabarmendu du. "Nitaz eta fiskalaz gauza bidegabeak esan zituzten", gaineratu du.