Politika -

Segi

'Gazte mugimendua inoiz baino biziagoa' dagoela esan dute auzipetuek

Azken hamabi akusatuek gaur deklaratu dute epailearen aurrean. Horrelako polizia operazioak gazte mugimendua hiltzea ez dutela lortuko adierazi dute.

Epaiketaren bigarren saioan, 14 akusatuk deklaratu dute. Efe.
Epaiketaren bigarren saioan, 14 akusatuk deklaratu dute. Efe.
Azken 12 inputatuek deklaratu dute, Segiren aurkako epaiketan

0:21

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Segiren aurkako epaiketan azken hamabi akusatuek deklaratu dute gaur. "Gazte mugimendua inoiz baino biziagoa" dagoela aldarrikatu dute hirugarren saioan.

Segiko ustezko hamabi kideek "halako polizia operazioen helburua gazte mugimendua hiltzea" dela salatu dute. "Lortutakoa, ordea, aurkakoa da", esan dute eta "Euskal Herrian gazte mugimendua inoiz baino biziagoa" dagoela aldarrikatu dute. Orain arte bezala, lan politikoa eta publikoa egiten jarraituko duela adierazi dute.

Epaiketak urriaren 24an jarraituko du, lekuko eta polizien deklarazioekin.

Auzitegi Nazionalak bilatu eta atxilotzeko agindua eman du epaiketara agertu ez diren lau gazteen aurka.

Bigarren saioa

Atzo 14 akusatuk deklaratu zuten. Epailearen aurrean esan dutenez, jendaurreko ekitaldi politikoetan parte hartzea baino ez dute egin.

Segiko ustezko kideen kontrako epaiketaren bigarren saioa lehenengoaren ildo beretik joan zen eta akusatuek euren ekintza politikoengatik auzipetu dituztela azpimarratu dute.

40 akusatuetatik 36 bakarrik daude epaiketan, beste laurak auzitik-ihesi epaituko dituzte. Fiskalak 9 urteko kartzela zigorra eskatu du ustezko bederatzi buruzagientzat eta zazpi urtekoa gainontzekoentzat.

Bigarren egunean 14 akusatuk deklaratu dute, tartean ustezko bi buruzagi. Asier Coloma ustezko buruzagiak adierazi duenez, 2009an Frantziara ihes egin zuen Polizia bere bila zebilela jakin zuenean "ohiko" torturen beldur zelako.

"Muga igaro eta Hendaiara joan nintzen. Han jendaurreko bizimodua neraman, lan-kontratua nuen nire izenean, etxebizitza bat alokairuan, eta, paradoxikoa dirudien arrean, Frantziako Administrazioak diru-laguntza bat ematen zidan alokairua ordaintzeko", esan du.

Colomak eta gainontzeko akusatuek uko egin diote akusazioen galderei erantzuteari, eta euren abokatuek egindakoei bakarrik erantzun diete. Abokatuek etxean aurkitutako zenbait dokumenturen inguruan galdetu diete, baita parte hartu zuten zenbait kultura, gizarte eta kirol ekitaldiren inguruan ere, ekitaldi horiek ustez terrorismoarekin lotuta zeudelako.

Torturak

2009an Poliziak atxilotu zituenean tortura fisikoak eta psikologikoak jasan zituztela salatu dute bederatzi akusatuk. Astelehenean ere, deklaratu zuten 10 akusatutik seik gauza bera salatu zuten.

Salaketa hori egin duenetariko bat Haritz petralanda izan da. Berak azaldu duenez, nerbio-krisia izan zuen Polizia-etxean eta agenteek prestatutako idatzi batzuk sinatu behar izan zituen, beste atxilotuek bezala, "beldurrak" eta "inpotentziak" jota.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea