Politika -
Gaixo dauden presoak
Preso gaixoen inguruan iritzia emateko eskatu diote Legebiltzarrari
EH Bilduko alkateek osatutako batzordea Eusko Legebiltzarrean izan da eta gaixotasun larriak edo sendabiderik ez duten gaixotasunak dituzten presoen egoera aztertzeko eskatu du.
Erredakzioa
Euskal Herriko hainbat udalerritako EH Bilduko alkateek osatutako batzordea Eusko Legebiltzarrean izan da gaur. Bertan, gaixotasun larriak eta sendabiderik ez duten gaixotasunak dituzten presoen askatasunaren aldeko iritzia emateko eskatu dute.
Ondarroako, Hernaniko, Larrabetzuko eta Lasarteko alkateek Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Herritarren Partaidetzaren Batzordean agerraldia egin dute. Alkateen batzordea Arbizu, Errenteria eta Aguraingo alkateek ere osatzen dute. Maiatzean sortu zen batzordea alderdi, erakunde eta organismo ezberdinetako ordezkariekin gaixotasun larriak dituzten eta udalerri horietako bizilagun diren presoen berri emateko.
Argia Ituarte Ondarroako alkateak gaixotasun larriak edo sendabiderik ez duten gaixotasunak dituzten euskal presoen egoera aztertzeko eta egokia deritzon iritzia emateko eskatu dio Legebiltzarrari.
"Preso horien egoera luzatzea ez da gizatiarra", esan du Ituartek. "Besteak beste, duintasun eskubidea urratzen zaie gaixotasunaren azken uneetan dauden pertsonei, horrelako egoeretan espetxetik kanpo egon behar baitute", gaineratu du. Gai honek "lehentasuna" izan behar duela ere aipatu du. Ituarteren aburuz, "pauso txikia da, baina garrantzitsua normalizazio politikoa denboran egonkortzeko".
Iritzi ezberdinak batzordean
Agerraldi honen ildora, batzordeko ordezkariek beren iritziak eman dituzte ezagutzera. Euzko Alderdi Jeltzaleko Maribel Vaquerok bere alderdia "espetxe politika gizatiarrago" baten alde dagoela adierazi du. Presoen bergizarteratzea, jaioterrira gerturatzea eta gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea, besteak beste.
Laura Mintegik, EH Bildu, ekimena txalotu du eta ekimena udalerri horietako presoei soilik ez, 18/98 sumarioarengatik espetxean dauden 70 urte baino gehiagoko lau presoei ere luzatzea eskatu dio batzordeari.
Baldintzak betetzen dituzten preso gaixoak aske uztearen alde agertu da PSE-EEko Rodolfo Ares. "Ez dugu onartuko, ordea, argudio bezala garai berrietan gaudela erabiltzea", esan du.
Carmelo Barriok Mariano Rajoyren Gobernuaren espetxe politika defendatu du. Alderdi Popularreko odezkariaren aburuz, "legearen ezarpenean ez da egoera injustorik sortzen".