Politika -
Gallardon Nafarroan
Espainian 'epaiketa politikoak' egotea ukatu du Ruiz-Gallardonek
"Espainian justiziak egiten duen gauza bakarra legea ezartzea da", gaineratu du Justizia ministroak.
Erredakzioa
Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroak ukatu egin du Espainian "epaiketa politikorik" egotea eta "erabaki judizialak epaileei dagozkiela" gaineratu du. "Exekutiboak errespetatu eta onartu egin behar ditu", esan du.
Justizia ministroak Iruñean egin den Europako Jusitizia Epaitegi Erregionaletako Presidenteen III. Batzarrean parte hartu du. Gonzalo Moliner Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidentea eta Yolanda Barcina Nafarroako presidentea ere izan dira ekitaldian.
Molinerri eta Ruiz-Gallardoni Segiren auziaren inguruan eta Herriraren aurkako polizia operazioaren inguruan hainbat alderdi politikok, Bilduk adibidez, egindako adierazpenen inguruan galdegin diete. Adierazpen horien arabera, ekintza horiek guztiak "politikoak" dira. "Botere judiziala independentea da herrialde honetan", erantzun du Molinerrek.
"Sortu daitezkeen mesfidantza horiek eta horiek gertatzea ulertzeak, ez dute justifikaziorik. Epaileak, onerako zein txarrerako, legeak independentziaz aplikatzen ari dira", gaineratu du Molinerrek.
Espainian justiziak duen funtzionamenduaz herritarrak harro egon beharko liratekeela uste du ministroak.
"Ez dugu gabeziarik sistema judizialean. Epaileek legearen arabera jokatzen dute, legegileek demokratikoko onartu dituzten legeen arabera. Giza elementuak, gainera, kalitate handia du, asko ematen dute eta gure Konstituzioak ezarritako printzipioak betetzen dituzte", nabarmendu du.
"Demokratikoki onartutako ordezkariek erabakitako legeak betearazten ditu justiziak Espainian, eta horrekin harro egon behar dugu", amaitu du.