Politika -

Hezkuntzaren Euskal Legea

Hezkuntzaren Euskal Legean kontsentsua eskatu du Legebiltzarrak

Herri-lanetan araudia eta hitzarmenak betetzea eta horien "jarraipen hertsia" egitea ere eskatu dio Ganberak Eusko Jaurlaritzari.

Legebiltzarreko Mahaia goizeko saioan. Argazkia: EFE
Legebiltzarreko Mahaia goizeko saioan. Argazkia: EFE
Legebiltzarreko Mahaia goizeko saioan. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak etorkizuneko Hezkuntzaren Euskal Legearen inguruan hezkuntza, gizartean eta politikan "kontsentsu zabala" lortzeko "beharrezko pausoak emateko" eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

EAJk bultzatutako osoko zuzenketa onartu du goizean Legebiltzarrak. Jeltzaleen botoekin atera da aurrera zuzenketa. PSE eta EH Bildu abstenitu egin dira eta PPk eta UPyDk aurkako botoa eman dute.

Aurrez, Alderdi Popularrak mozioa aurkeztu du. Bertan, Iñigo Urkullu lehendakariari hezkuntza egun dagoen esparru juridikoa eta araudia errespetatzeko eta curriculumean egin beharreko edozein aldaketa egiteko "ahalik eta kontsentsu" handiena bilatzeko eskatzen zen.

EAJ eta EH Bilduk mozioaren aurkako botoa eman dute eta PSE-EEren abstenitu egin da. Mozia atzera bota dute, beraz. Hiru alderdiek joan den astean Madrilgo Diputatuen Kongresuan onartutako hezkuntza erreforma kritikatu dute.

PSE-EE eta UPyDk aurkeztutako osoko zuzenketak ere atzera bota ditu Ganberak.

Eztabaida

Legebiltzarrean izan den eztabaidan, Alderdi Popularreko Iñaki Oyarzabalek Jaurlaritzaren jarrera kirtikatu du. Oyarzabalen aburuz, "LOMCEren aurka egiteko moldatu nahi du curriculuma". "Hezkuntza pentsaera abertzalearen zerbitzura jartzearekin" arduratuta agertu da.

EAJko Jone Berriozabal legebiltzarkideak ukatu egin du Eusko Jaurlaritzak "doktrinatzea" egin nahi izatea, eta hori egin nahi duen bakarra Hezkuntza Ministerioa dela esan du. Bide propioa "jarraitzeko" kontsentsua bilatzearen alde agertu da.

Isabel Celaak, bestalde, ezeztatu egin du sailburuaren proposamenak LOMCE legea "gelditzeko" balioko duenik. PSE-EEko legebiltzarkidearen aburuz, "denbora irabazteko ekimena da".

EH Bilduk eskua luzatu dio Jaurlaritzari hezkuntza erreforma ez ezartzeko. Legea "ahalik eta lasterren" garatzearen alde agertu da Rebeka Ubera.

LOMCE legea eta "ideologiazko doktrinatzea" kritikatu ditu Gorka Maneirok. Maneiroren aburuz, hori da hain zuzen ere ekimenaren bidez Eusko Jaurlaritzak bultzatu nahi duena.

Herri-lanetako lan baldintzak

Legebiltzarrak herri-lanetan araudia eta hitzarmenak betetzea eta horien "jarraipen hertsia" egitea ere eskatu dio Jaurlaritzari. Lan Ikuskaritzaren baliabideak "optimizatzeko" eta langileen lan baldintzak zihurtatzeko eskatu du Ganberak.

EAJ, PSE, PP eta UPyDk onartu dute zuzenketa eta EH Bildu abstenitu egin da. Eztabaida, hilabete hasieran, Juan Maria Aburto Lan sailburuak Lan-ikuskaritza San Mames futbol-zelai berria egiten ari diren hiru enpresa ikertzen ari dela adierazi ondoren egin da. Lan baldintzak eta araudia urratu ote dituzten ikertzen ari dira.

Kataluniarekin elkarrizketa

Horrez gain, Espainiako Gobernuari Kataluniako Exekutiboarekin galdeketa ahalbideko duen "ezinbesteko elkarrizketa" aurrera eramateko eskatu dio Legebiltzarrak.

EAJ eta EH Bilduk hitzartutako ebazpenak Kataluniako Parlamentak hartutako erabakiari "errespetua eta aitorpena" egin dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea